ACTUALIDAD / Kaleko afari solidarioak

Kaleko Afari Solidarioen aurkako debekua kentzeko exijitu dio jendetzak Donostiako Udalari

"Migrazioa eta delinkuentzia lotzen dituzten diskurtsoak sustatzeari" eta "herritarren ekimen solidarioak gutxiesteari eta kriminalizatzeari" uzteko eta ere eskatu diote EAJren eta PSE-EEren udal-gobernuari.
2026eko uztailaren 29 - 19:13
Kaleko Afari Solidarioen aurkako debekua kentzeko exijitu dio jendetzak Donostiako Udalari

Erantzuna kaleetan ikusi da. Kaleko Afari Solidarioak (KAS) aldarrikatzeko, jendetza mobilizatu da arratsaldean Donostian (Gipuzkoa), eta hiru exijentzia argi egin dizkiote Donostiako Udalari (EAJ-PSE-EE): "debekua kentzea, harik eta erakundeek inor kanpoan utziko ez duen alternatiba erreal eta bideragarri bat antolatu arte"; "migrazioa eta delinkuentzia lotzen dituzten diskurtsoak sustatzeari uztea", eta "herritarren ekimen solidarioak gutxiesteari eta kriminalizatzeari uztea". 

KASek deituta, 20:00etan Plaza Berrian elkartu da manifestari andana, eta erdiguneko kaleetan barrena salatu dute Donostiako Udalak afari solidarioak debekatu izana. Mantalak eta sukaldean egiteko tresnak eskuetan zituztela atera dira kalera KASeko boluntarioak, eta haserre mintzatu dira udalaren erabakiaz: "Udalak 300 pertsona baino gehiago afaldu gabe utzi ditu atzotik aurrera, alkateak atzo aldarrikatu zituen ustezko baliabideak aktibatu gabe. Gaur egun, inork ez die afaltzera etorri ohi diren pertsonei jakinarazi beste inolako baliabide edo alternatibarik eskura dezaketenik". 

Insaustiren adierazpen arrazistak, PPren eskutik

KASetik bereziki salatu dituzte, gainera, Jon Insausti (EAJ) alkateak atzo egindako adierazpenak, "esplizituki" esan baitzuen "afari solidarioek delinkuentziara dei-efektua egiten dutela". "Baieztapen horiek zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonenganako gorrotoa eta beldurra sustatzeko baino ez dute balio, eskuin muturraren diskurtsoekin bat eginez. Gure lana gutxiesteaz gain, seinalatu eta kriminalizatu egiten gaitu", seinalatu dute. Izan ere, udalak bat egin du PPk eta Lo que no te cuentan de Donosti kanalak (LQNTCDD) denbora luzez elikatu duten diskurtso erreakzionarioarekin; asteak igaro dituzte afari solidarioetara hurbiltzen, bertaratzen den jendeari jazartzeko.

KASetik jakinarazi dute bihar bilduko direla alkatearekin: "Azkenean tokia egin digu bere agenda estuan. Bihar alkateak aukera bikaina du erakusteko ea debekuan berresten den irtenbide gisa edo KASekin elkarlanerako bideak irekitzeko prest dagoen".

Sei urteko lan boluntario nekaezina

Gaurko mobilizazioan, sei urtez egindako lana erreibindikatu dute KASetik. "Ekimen hau duela ia sei urte hasi zen kale-egoeran dauden pertsonekin lanean, eta, ekimen herrikoi eta solidarioa da", ekarri dute gogora: "Eskerrik asko gerturatu zaretenei eta zuen babesa agertu duzuen kolektibo eta elkarte guztiei. Mobilizatzen jarraituko dugu egoera honi irtenbide duin bat eman arte".