ACTUALIDAD / Justizia anderrentzat

Justizia eskatu dute berriz Anderrentzat

Bere hilketaren eta udaltzainen interbentzioaren inguruko xehetasun gehiago atera dira argitara egunotan: Poliziak jipoitu eta bi ordura ospitaleratu zuten Ander, eta udaltzainek ez zuten jakinarazi taser pistolarekin zauritu zutenik. Urriaren 3an, beste manifestazio bat izango da Santurtzin.
2026eko irailaren 12 - 09:12
Justizia eskatu dute berriz Anderrentzat

Justizia Anderrentzat aldarritzat hartuta, ehunka lagunek zeharkatu zituzten atzo Santurtziko kaleak. Arratsaldeko 18:00etan, Mamariga auzoko Vallejo plazatik irten zen Justizia Anderrentzat izeneko herri-plataformak antolatutako manifestazioa. Beste behin ere, ekainaren bukaeran gertatu zena argitu dadila eta gazte santurtziarraren hilketa zigorgabe geratu ez dadila exijitu zuen jende andanak.

Ander ekainaren 22an sartu zen koman, Santurtziko udaltzainen esku-hartze bortitz baten ondorioz, eta bi egunera hil zen ospitalean. Gertatutakoak haserre ikaragarria sortu zuen herrian, eta hilabeteak daramatzate justizia eskatzen.

Azken egunetan, gainera, egun horretan gertatutakoari buruzko xehetasun ugari eman dituzte argitara: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osatu duen kronologiaren arabera, udaltzainek jipoitu eta bi ordu luzera eraman zuten Ander ospitalera, eta gainera, Poliziak ez zuen jakinarazi gaztea taser pistola batekin zauritu zutenik (Santurtziko Segurtasun zinegotziak ere aitortu zuen hori gerora). Biktimaren senideek seinalatu dutenez, esku-hartze mediko egoki bat berandutu zuen horrek guztiak.

Ondoko kronologia egin du Osasun Sailak, ekainaren 22an gertatutakoaren inguruan: 16:07. Santurtziko Udaltzaingoaren deia larrialdi-zerbitzuetara. 16:22. Koordinazio Zentroaren deia. 17:03. Udaltzaingoaren bigarren deia. 17:15 Oinarrizko anbulantzia heldu zen. 18:03 Ander ospitaleratu zuten.

Udaltzainek larrialdi-zerbitzuetara lehen aldiz deitu zutenean, arreta psikiatrikoa izan zen eskatu zutena, Ander "asaldatuta" zegoela argudiatuta. Esku hartu zuten pertsonek, dena den, baloratu zuten ez zegoela anbulantzia bat bidaltzeko nahikoa arrazoi. 40 minutu beranduago deitu zuten berriz udaltzainek, gaztea erdi kordea galdurik zegoelako eta ez zuelako arnasa ondo hartzen, EITBk jaso duenez. 10 minutura iritsi zen oinarrizko anbulantzia bat, baina Anderrek okerrera egin zuela ikusita, ZIU mugikor bat eskatu zuen. Hura ez zen ia 17:30era arte heldu, eta Ander ez zuten 18:00ak igaro arte ospitaleratu.

Justizia Anderrentzat herri-plataformak beste mobilizazio-deialdi bat dauka egina udazken honetarako, urriaren 3rako hain justu. Santurtziko udaletxearen paretik irtengo da manifestazioa, eguerdiko 12:00etan.