ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/18 15:38

Aurreko bi urteetan egin bezala, aurten ere Euskal Herri mailako hitzordu bat jarri du ekainerako Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak: jardunaldi nazionala. Oraingoan, Gernikan (Bizkaia) izan da jardunaldia, eta, ohi bezala, hamaika gako politiko atera dituzte mahaira, zenbait hitzaldiren bidez. Egun osoan zehar izan ziren hitzaldiak Gernikako Jai Alai frontoian eta Elai-Alai aretoan, eta ekitaldi politiko bat ere egin zuten iluntzean Itaiako kideek, Pasialekun.

Lau hitzaldi, gako politikoz beteta

Goizeko 10:00etan udaletxe aurrean harrera egin ostean hasi zen egitaraua, bi hitzaldi indartsurekin. Jai Alai frontoian, hainbat gobernuk indarrean sartutako politika feministak eta horien nugak eta gabeziak aztertu zituzten. "Askotan, politika feministak boto elektoralak lortzeko probesten dituzte alderdi politikoek", azaldu du Itaiak hitzaldi horri lotuta: "Historiako gobernurik aurrerakoienaren politikek emakume langileon bizitzetan eragin gutxi dute, saltzen dizkiguten espektatibekin alderatuta". Gobernuaren "limosnarekin konformatu" beharrean, beharrezkotzat jo du Itaiak "emakume langileon interesak defendatuko dituen proposamen bat garatzea eta erreforma legalek dituzten mugak seinalatzea".

Aldi berean, emakume langileek jasaten duten proletarizazioari buruzko hitzaldi bat izan zen Elai-Alai aretoan. Itaiako kideek xehatu dutenez, "emakume langileon zapalkuntza ardazten duten adierazpen ezberdinen azterketa eguneratu bat" egin zuten saio horretan. Besteak beste, zaintzako eta etxeko langileen egoera eta emakumeen sexualizazioa bultzatzen duten fenomenoak izan zituzten hizpide.

12:30ean hasi zen eguneko bigarren tanda, hitzaldi bakar batekin: Itaiako kideak emakume langileen eginkizun politiko nagusiez aritu ziren Jai Alaien, eta erronka horiei buruzko ulerkera argitu zuten. "Estatugintzak ez du lortu gizarteko soziologian ezartzea, ezta jarrera matxistei aurre egitea ere. Horrek despolitizazio eta desmobilizazio egoera areagotu du", esan du Itaiak. Nabarmendu du "geroz eta emakume langile gehiago antolatzea" duela helburu eta, horretarako, beharrezkotzat jo du "borroka prozesuak martxan jartzea eta erantzun errealak ematea".

Goizeko hiru hitzaldien ondoren, bazkaltzeko aukera izan zen Merkatu plazan. Hori eta gero elkartu ziren berriz Jai Alaien, azken mahai-inguru bat egiteko: matxismoaz eta indarkeria horrek azken urteetan izan dituen aldaketez eta forma berriez aritu ziren. "Teknologiaren garapenarekin, ideologia matxista indartzen duten edukiak inoiz baino eskuragarriago daude. Horrek gure harreman sozialetan eragiten du eta jazarpen zein indarkeria forma anitzagoak sortzen ditu", azpimarratu du Itaiak. Bestalde, gazte belaunaldietan "matxismoaren existentziaren ukapena ere zabaltzen" ari dela eta "erasoen aurrean beste aldera begiratzea ohikoa" dela izan dute gogoan. "Legeek eta proposamen instituzionalek arazo hori konpontzeko duten ezintasuna argia da. Horregatik, erasotzaileen inpunitatearekin amaitzeko, beharrezkoa da beste aldera begiratzeari uztea eta instituzioen berdintasun faltsutik kanpo antolatzea", gaineratu du.

Emakume langileak, borrokara

Busturialdeko Itaiak deituta, 19:00etan, Bilbon (Bizkaia) gertatu den azken erailketa matxista salatzeko elkarretaratze bat izan zen Gernikako Pasialekun. Horren ostean, toki berdinean jarritako karpan egin zuten jardunaldiko ekitaldi politikoa Itaiako kideek.

"Emakume langileon zapalkuntzak ez du aterabiderik sozialismorik gabe eta, era berean, sozialismoa ez da gauzatuko emakumeon ekarpenik gabe", azpimarratu zuten ekitaldian. Hala, dei egin zieten emakume langileei antolakuntza politikora eta borrokara batzeko.

"Poztekoa da hainbeste emakume antolakuntza politiko sozialistaren inguruan hausnartzeko batu izana. Eta ekitaldi politikoan argi utzi genuen bezala, hemendik aurrera ere, sozialismoaren aldarria zabaltzen jarraitzea beharrezkoa dela uste dugu, hori baita esplotazio eta zapalkuntza orori aurre egingo dion proiektua" adierazi du gaur Itaiak, jardunaldiaren hurrengo egunean: "Guk bide horretan lan egingo dugu. Sozialismora bidean emakume langileon antolakuntzarako espazio eta borrokak garatzen jarraituko dugu".

NO HAY COMENTARIOS