ACTUALIDAD / Violencia machista
Irungo alarde baztertzaileak bere buruetako bat omendu du; eraso matxista bategatik ikerketapean dago
Agintariaren balkoiaren azpian egin dio omenaldia konpainia "tradizionalak". Otsailean atera zen argitara gizonezkoak "jarrera desegokia" izan zuela konpainiako emakume batekin. Gaur egun ere, kantinera gisa parte hartzen baino ez diete uzten emakumeei.
2026eko uztailaren 6 - 08:06
Irungo alarde baztertzaileak bere buruetako bat omendu du; eraso matxista bategatik ikerketapean dago
— ARGAZKIA EITB

Irungo (Gipuzkoa) epaitegi batek aginduta, aurtengo sanmartzialetan, alardean parte hartzea debekatuta izan du konpainia baztertzaileko buru batek. Izan ere, ikerketapean dago indarkeria matxistagatik: otsailean jakin zen konpainia "tradizionaleko" emakume gazte bati eraso egin ziola eta "jarrera desegokia" izan zuela berekin. Horiek horrela, kautelazko neurri modura, aurtengo alardean aritzea debekatu zion gizonari auzitegi batek.

Hala ere, une oro, konpainia "tradizionaleko" kide ugariren babesa jaso du ikertua izaten ari den gizonezkoak. Are gehiago: burua, uniformea jantzirik, bere balkoira irten zen alarde baztertzailea kaleak gurutzatzen ari zenean, ekainaren 30ean hain zuzen ere, eta balkoiaren azpian gelditu eta bertan omendu zuten konpainiako kideek. Bere aldeko oihuak eta txaloak entzun ziren, biolentzia matxistagatik zabalik dagoen prozesuari entzungor eginez. 

Alardeko agintariak berak jardunera bueltatzeko asmoa erakutsi du, bere aurkako debekua indargabetu dadila eskatu baitu jada. Irungo epaitegiak, baina, atzera bota du eskaera momentuz. Otsailean, erasoa argitara atera zenean, polemika ikaragarria izan zen Bidasoa aldean: erasotzailea babesteko elkarretaratze bat egin zuten Irunen alarde baztertzaileko hainbat kidek.

Alarde baztertzaileak ez du baimentzen emakumeek normaltasunez parte hartzea: kantinera modura soilik uzten die aritzen, eta gainera, hainbat baldintza bete behar dituzte emakume horiek, tartean, ezkongabeak izatea. Dena den, Hondarribian (Gipuzkoa) bezala, gero eta indar handiagoa du paraleloki egiten den alarde parekideak.