Ikasle Abertzaleak antolakundeak azaroan egin zuen agerraldi bat Iruñerriko (Nafarroa) Iturrama ikastetxean, urriaren 27ko grebaren harira eta, beraz, lan politikoa egiteagatik hainbat ikaslek jasan behar izan zuten errepresioa salatzeko. Iturramako ikasleek gaur egun pairatu behar dituzten "egoera latzak" ere, dena den, "ugariak" direla salatu berri du IAk, eta eraso errepresibo eta autoritario horietako hainbat zerrendatu ditu: "Klase-pasak egiteagatik zuzendaritzaren mehatxuak jasotzen ditugu; irakasleen umiliazioa eta infantilizazioa jasan behar izaten ditugu; lehenengo eta bigarren DBHkoei, asanblada batetik oihuka kanporatuz, informatzeko eskubidea ukatzen zaie; berandu iristeagatik kontrol zerrendetan sartzen gaituzte eta, 10 minutu pasatuta, atezainek liburutegira bidaltzen gaituzte; lan politikoa egiteagatik zigortzen gaituzte; irakasleek haien estresa gurekin ordaindu eta parte zentzugabeak jartzen dizkigute", eta abar.
Eraso sistematiko horiek aipatzeaz gain, azken berriak azaldu dituzte IAko kideek. "Ikasle gatazkatsuak seinalatzen dituen zerrenda beltz moduko bat" sortu berri du Iturramako zuzendaritzak, eta, gainera, aurreko ikasturtean "ikasle emakumeak seinalatzen zituen irakasle erasotzaile baten errurik eza justifikatzen" du ikastetxeak, ikasturte honetan ere jarraitzen baitu irakasle modura eskolak ematen.
"[Eraso] Horiek guztiak ikasle orok pairatu behar izaten ditugu egunero, ikasleen eta sistemaren beraren zapalkuntza onartuz eta gure burua sumisiora kondenatuz", salatu dute IAko kideek. "Institutuari ahoa betetzen zaio kritikotasunean hezten gaituela esanez, baina, azkenean, kritika haientzat doanean, aurkitzen dituzten modu guztietan zapaltzen eta erreprimitzen gaituzte, kritika hori garatu ez dezagun", ohartarazi dute. "Irakasleen eta zuzendaritzaren gehiegikeriei aurre egiteko eta hezkuntza sistema bera errotik aldatzeko deia" egin du IAk, azpimarratuta "ikasle langileon antolakuntza" dela "garaipenaren funtsa". "Errepresioaren aurrean", beraz, "ikasle antolakuntza" aldarrikatu du.
🔴Gaur Iturraman🔴
— Iruñerriko Ikasle Abertzaleak (@IrunerrikoIA) December 16, 2022
Errepresioaren aurrean
IKASLE ANTOLAKUNTZA! pic.twitter.com/nANEO7MCiA