ACTUALIDAD / Baztan eta sotiko
Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak mobilizaziora deitu du datorren ostiralerako, Baztan taberna aurrean
Langileen Autodefentsa Sareko kideek urrian abiatu zuten borroka Baztan eta Sotiko tabernetan; izan ere, jabeek ez dizkiete hainbat lan ordu ordaindu langileei. Hala, beharginei zor dietena ordaindu arte jarraituko dute borrokan. Aldarrikapen horiei helduz eta jabeen "jarrera oldarkorraren" aurrean, datorren ostiralean elkarretaratzera deitu dute berriro; Baztan tabernaren aurrean, 20:00etan.
2019eko urriaren 30
Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak mobilizaziora deitu du datorren ostiralerako, Baztan taberna aurrean

Iruñerriko (Nafarroa) Langileen Autodefentsa Sareak urria hasieran jarri zuen martxan borrokaldi berria, Alde Zaharreko Baztan (Alde Zaharra) eta Sotiko Aitona (San Gregorio kalea) tabernetan. Izan ere, hainbat langileri ez dizkiete ordaindu "ohiko zein aparteko orduak eta jaiegun eta gauetako gehigarriak" ostatu haietako jabeek. Hala, autodefentsa sarearengana jo zuten beharginek, eta borroka abiatu zuten. Ordutik, langileei zor dietena ordaintzeko eskatu diete protesta bidez, baina jabeen jarrera guztiz aurkakoa izan da, sareko kideek azaldu dutenez.

Hainbat mobilizazio egin dituzte urritik, eta esan dute horretan jarraituko dutela langileei zor dietena ordaintzea lortu arte. Bide batez, protestetara bertaratu diren auzokideei eskerrak eman dizkiete, babesa erakusteagatik.

Mobilizazioak eta erantzuna

Langileen Autodefentsa Sareak, batez ere, bi ostatuen parean deitu du elkarretaratzera, "presio mekanismo" gisa, eta dozena erdi egunetan mobilizatu dira dagoeneko. Jabeen jarrera "oldarkorra" izan da hasieratik beharginekin zein sareko kideekin; "irainak eta mehatxuak" tartean. Besteak beste, Autodefentsa Sareak jarritako kartelak kentzen eta puskatzen ibili dira azken egunotan, bortxaz. Sarearen Twitter kontuan (@autodefentsasare) jaso duten errelatoan ikus daiteke adibide horietako bat.

"Lan gatazkaren inguruko salaketa-kartelak kentzeko saiakera nabaria antzeman dugu jabeen aldetik, langileak lan orduetan kartel horiek kentzera behartuz, eta beren jabe funtzioak modu argi batean gaindituz", azaldu dute.

Protesta datorren ostiralean

Gauzak horrela, Langileen Autodefentsa Sareko kideek pankartak ere jarri dituzte egoera salatzeko, eta mobilizazioei berriz heltzea erabaki dute. Oraingoan, ostiral honetarako, azaroak 1, elkarretaratzera deitu dute Baztan tabernaren aurrean, 20:00etan. Borroka aurrera doa.