Duela bi egun, Ipar Euskal Herriko medikuntza sozialaren arloko beharginen lan baldintzak salatu zituen LAB sindikatuak, Baionan (Lapurdi) egindako agerraldian. "Alarma" piztea zuten helburu; izan ere, "diruaren araberako lan banaketa, etekinen optimizazioa eta diruztatze apaltzeak" mahaira atera zituzten.
Zuzendaritza beti "zenbakiei begira”
dagoela adierazi zuten, eta hori ez dela bideragarria pertsonekin lan
egiten duen sektore batean: "Ezin dira zaintza lanak
denboran neurtu eta kalkulatu". Egin berri dituzten zuzendaritza aldaketek ere logika horri guztiari erantzuten diotela salatu zuten.
Bestalde, lan baldintza zehatzen inguruan, ondorengoa adierazi zuten: "Proposatu dituzten kontratuak gero eta laburragoak eta prekarioagoak
dira; lansari minimoak. Beti malgutasun gehiago eskatzen digute
zerbitzuen beharrei aurre egiteko".
Hala, elkarteko lehendakariak, administrazio kontseiluak eta zuzendaritzak interpelatu zituzten, baita instituzio publikoak ere; hala nola, herriko etxeak, departamentuak edota Eskualdeko Osasun Agentzia. Azkenik, "elkartasuna eta pertsona zentroan jarriko dituzten lan baldintzak" nahi dituztela aldarrikatu zuten.