ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/02 11:36

Hainbat gazteren ekimenez, martxan da Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea. "Zaintza eta elkartasuna oinarri", "ofentsiba politiko eta ekonomikoak" kolpatu eta babesgabe utzi dituen sektoreei sostengua eman asmoz sortu dute sarea. Oraingoz, beraz, "lanean egoera bidegabe bat jasan duten langileei" egin diete dei haien bizipenak jakinaraztera, eta erosketak egiteko laguntza behar dutenei, "zailtasun ekonomiko larriak" dituztenei edota "etxean egoera bortitz bat dutenei" ere luzatu diete Elkartasun Sarearekin harremanetan jartzeko deia.

Dagoeneko, tokian tokiko sareak martxan dira Arberoa eta Garazi euskaldeetan, baita Hendaia, Baiona, Bidarrai nahiz Itsasu herrietan ere. Momentuz, iehsarea@gmail.com helbide elektronikoa erabilgarri dago harremanetan jarri nahi dutenentzat, eta Facebook edo Instagram kontuak ere erabilgarri daude behar dituenarentzat. Kontu horietatik emango dute hartutako neurrien eta jasotako lekukotasunen berri sareko kideek.

ALDARRIKAPENAK

Bestalde, koronabirusaren hedapenak sortutako koiunturaren inguruko gogoeta ere plazaratu du Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sareak. Adierazpen baten bidez, batetik, Covid-19 birusaren epidemiaren kausak, dimentsioak eta eraginak argitzea eskatu dute, "ekoizpen eredu honen funtzionamenduaren ondorio" modura ulertzen dutelako koronabirusaren agerpena, naturaren legeetatik at. Hala, langile klaseko kideek egia jakiteko duten gaitasun eza azpimarratua dela azaldu dute, "informazioa ez delako haien eskuetan", ekoizpen eredu kapitalista kontrolatzen duen burgesiaren klasearen eskuetan baizik.

Gainera, ekoizpena nahiz metaketa-prozesua ez eteteak eta burgesiaren interes ekonomikoen berresteak lehentasuna hartzen dio, haien iritziz, osasunari edo langileen beharrei. Izan ere, lanera joatera derrigortzen dituzte langileak, funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoetan barne. Horren aurrean, ordea, "osasuna interes ekonomikoen gainetik" jartzea aldarrikatu du Elkartasun Sareak, "osasun printzipio unibertsala" ardatz.

Salbuespen neurriek, gainera, askatasun politikoak ere desegin izana salatu dute sareko kideek. "Egun batetik bestera, [...] ezin dugu etxetik atera, ezin dugu antolatu, jendarme eta poliziaz inguratuak gira eta sakrifiziorako eta Frantziaren batasunerako deiek betetzen dizkigute belarriak", diote. Askatasun politikoen bermea eskatu dute, hortaz.

Azkenik, "ofentsiba ekonomiko eta politikoaren kontra", "auto-antolakuntza" galdegin dute, "beste oinarri batzuen arabera antolatzea" delako "aterabide bakarra", "interes ekonomiko kapitalisten eta indibidualisten gainetik".