ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2020/12/22 17:18

Atzo, abenduak 21, Donostian (Gipuzkoa) protesta egin zuten Inditexeko hainbat eta hainbat langilek, enpresak 20 saltoki zarratzeko asmoa duela salatzeko. Apirilerako itxi nahi dituzte horietako zazpi. 2019ko udan iragarri bezala, digitalizazio prozesu bat abiatu du Inditexek: helburutzat du salmenten %25 online egitea eta, horrek, ikusten ari den modura, ondorio zuzenak izango ditu gaur egun enpresa taldearentzat soldatapean jarduten duten langileentzat.

Apirileko zazpi itxierekin soilik, 66 beharginen lanpostuak egongo lirateke kolokan, eta oraindik ez dago argi kaleratuak izango liratekeen edota beste dendaren batera tokialdatu beharko luketen. Hain zuzen, ondokoak dira Inditexek lehenik eta behin zarratu nahi dituen dendak: Leioako (Bizkaia) eta Irungo (Gipuzkoa) Stradivariusak, Iruñeko (Nafarroa) eta Lasarteko (Gipuzkoa) Massimo Duttiak, Bilboko (Bizkaia) Pull and Bear bat, eta Gasteizko (Araba) eta Barakaldoko (Bizkaia) Zara bana.

Martxan dira enpresako zuzendaritzaren eta, nagusiki, CCOO eta UGT sindikatuaren arteko elkarrizketak, Madrilen. Digitalizazio prozesuak langileengan izango dituen eraginen inguruan hitz egiten ari dira gaur-gaurkoz.