Arropa-korporazio ezagun askoren jabe da Inditex taldea, hala nola, Zara, Pull&Bear, Massimo Dutti eta Bershka. Aurtengo lehen hiruhilekoan errekorreko irabaziak pilatu zituen: osotara, 8.150 milioi euroko salmentak egin zituen, 1.300 milioi euroko irabaziekin. Hirugarren hiruhilekoko datuak argitaratu ditu orain, eta iragarri du berriz areagotu duela bere irabazi-marjina. 2024ko otsailetik urrira bitartean, 16.291 milioi euro fakturatu ditu Inditexek, eta, beraz, 4.449 milioi euroko irabazi garbiak lortu ditu.
Horrela, joan den urrira arte, enpresa-taldearen marjina gordina %7,2 handitu zen, iazko epe berdinean baino %4 gehiago. Zergak ordaindu baino lehen, 5.745 milioi euroko irabaziak izan zituen, eta etekin garbia 4.449 milioi eurokoa izan zen, %8,5 gehiago aurreko urtearekin alderatuz gero. Inditexen aurreikuspenen arabera, gainera, 2024ko azken hiruhilekoan inoiz baino irabazi gehiago metatuko ditu.