ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/25 12:06

Ikasle Abertzaleak antolakundeak amaiera eman dio ikasturte politikoari, Eskola Ibiltariaren bidez. Urteroko hitzordua uztailean izan da oraingoan, hain zuzen, uztailaren 20tik 22ra bitartean (ikusi hemen IAk argitaratutako laburpen bideoa). Debagoienean ibili dira ikasleak edizio honetan, hiru eguneko egitarau batekin; Eskoriatzan (Gipuzkoa) hasi eta Aramaion (Gipuzkoa) bukatuta.

Hiru egunetan zehar, zenbait jakintza zehatz lantzeko tailerrak (soinua jartzeko tailerra, autodefentsa tailerra edota propagandari eta agitazioari buruzkoa, adibidez) egiteaz gain, hainbat auzi politikori heltzeko hitzaldiak izan dira. Aurten, zehazki, Prozesu Sozialista eta ikasle langileon zeregina eta Ikasle antolakuntza eta etorkizuneko erronkak hitzaldiak eskaini dituzte IAko kideek, bai eta aurreko ziklo politikoari buruzko solasaldi bat ere.

Eskoriatzan hasi zen Eskola Ibiltaria aurreko ostegun arratsaldean, eta ostiralean mugitu ziren Aretxabaletara ikasleak, egitarauarekin han jarraitzeko (ikusi hemen osteguna laburbiltzen duen albistea, eta hemen ostirala laburbiltzen duena). Larunbatean, azken geraldia egin zuten Aramaion, eta han biribildu zuten ekimena: arratsaldetik hasita, esku-pilota ikuskizun bat eta kontzertuak izan ziren. Eskola Ibiltariko ekitaldi politiko nagusia ere larunbat gauean egin zuten.

Ikasturte politiko hau bukatutzat emanda, udaren ostean etorriko dena "indarrez hartzera" deitu zuten ekitaldian IAko kideek. Datorren ikasturterako, gainera, hitzordu potolo bat jarrita daukate jada, Gazte Koordinadora Sozialistarekin batera: urriaren 11tik 15era bitartean izango da bi antolakundeek elkarlanean egiten duten Gazte Topagune Sozialista, Atarrabian (Nafarroa) eta Burlatan (Nafarroa).

Hona hemen Eskola Ibiltariko azken eguneko, larunbateko, irudi guztiak:

NO HAY COMENTARIOS