Gironako Auzitegiak hiru urteko kartzela-zigorra jarri dio gazte bati, manifestazio batean mossoei botila bat jaurtitzea egotzita. 2021eko otsailaren 17koak dira gertakariak: Pablo Hasel abeslaria espetxeratu zutenean, mobilizazio-olatu bat izan zen hamaika txokotan, eta Gironan ere protesta handiak izan ziren. Manifestazioetako batean Polizia oldartu zenean, istiluak eragin zituen. Hain zuzen ere, liskar horien harira auzipetu zuten orain kondenatu duten pertsona.
Santa Clara kale inguruan izan ziren istiluak. Hasieran, zazpi urteko espetxe-zigor bat eskatu zuten auzipetutako gaztearentzat, baina, azkenean, ez diote "desordena publikoak eragitea" leporatu, eta zertxobait jaitsi da zigor eskaera. Dena den, "agintaritzari tresna arriskutsu batekin erasotzea" leporatu diote, eta hiru urteko zigor bat ezarri diote horregatik.
Aurreko ostegunean izan zen epaiketa Gironan, baina auzipetua ez zen saiora aurkeztu. Horregatik, "errebeldia" egoeran zegoela ebatzi eta gaztea atxilotzeko agindua igorri zuen epaileak, eta zuzenean kartzelaratu zuten.
2021eko otsailaren 17an Gironan izan zen protestaren harira, bost pertsona auzipetu dituzte denera. Gainerako lau lagunak 2022an epaitu zituzten, eta horietatik bi kondenatu zituzten. Hiru urte eta egun bateko zigorra jarri zioten bati, polizia-lerroaren kontra harriak botatzea egotzita, eta 2.400 euroko isun bat ezarri zioten besteari, Polizia bera atxilotzen ari zen unean "erresistentzia egiteagatik".