ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
EHKSren hitzaldi bat Bilboko La Bolsan.
2025/02/11 17:41

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) hainbat auzi lantzeko hitzaldiak eta jardunaldiak antolatu ditu azken hilabeteetan. Besteak beste, faxismoaren eta joera erreakzionarioen gorakadari buruzko hitzaldi batzuk egin zituen abenduan eta urtarrilean zehar, eta krisi ekologikoa ezaugarritzeko jardunaldi nazional bat prestatu du datorren martxoaren 22rako. Horretaz gain, hezkuntzaren inguruan hausnartzeko saio batzuk egingo ditu hurrengo astean, horretan lan egiten duten beharginen artean eztabaida sustatzeko. "Hezkuntzak gaur egun betetzen dituen funtzioei buruz, bete ditzakeenei buruz eta hezkuntzako langileok aurrean ditugun erronkei buruz" arituko dira saio horietan, EHKSko kideen esanetan.

Beraz, kalitatezko hezkuntzari buruz gogoeta egiteko antolatu dituzte hitzaldiok, eta saio bana egingo dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, bi egunetan banatuta: otsailaren 19an eta 20an. Azken urteetako hezkuntza-erreformek hezkuntzaren kalitatean eragindako kalteak aztertuko dituzte horietan, eta, "kalitatezko hezkuntzaz hitz egitean, zertaz ari garen" ere xehatuko dute, EHKSko kideek azaldu dutenez. Aurreratu dute "kapitalismoak egiturazko mugak ezartzen" dituela hezkuntzari dagokionez ere, eta horrek ezinezko bihurtzen duela sistema kapitalistaren barruan "kalitatezko hezkuntza unibertsala bermatzea".

Hilaren 19an, asteazkenez, Iruñean (Nafarroa) egingo du hitzaldia EHKSk. 19:00etan izango da, San Frantzisko eskolan. Hurrengo egunean, ostegunez, Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa) eta Gasteizen (Araba) eskainiko ditu hitzaldiak. 18:00etan ekingo diete Bilboko eta Donostiako solasaldiei, Deustuko Bidarte udaltegian eta Egiako kultur-etxean hurrenez hurren; eta 18:30ean izango da Gasteizko saioa, El Campillon.

NO HAY COMENTARIOS