2025. urteko ekainean argitaratutako La batalla por la narrativa de la memoria histórica democrática en el sistema educativo artikuluak aztertzen eta erakusten du Espainiako Estatuan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu duten ikasleek frankismoaren garaiaren inguruan euren heziguneetan ikasitakoa, ondorioztatuz guztiz desitxuratu eta edukiz hustu dutela memoria historikoa.
Artikuluaren egileek diotenez, 3.591 gazterekin egindako galdetegi, eztabaida-talde eta elkarrizketetatik eratorritako datuek argi adierazten dute %70ek ez dutela frankismoko garai historikoa behar bezala ezagutzen. Zentzu horretan, gazteen %28,2k soilik hartzen dute Francoren erregimena diktadura faxistatzat. Beste ia horrenbestek erregimen autoritariotzat jotzen dute, edo zuzenean autarkiatzat (erregimenak berak zabaldutako kontzeptua).
Frankismoaren aurkako borroken inguruan galdetzean, %84,2k zioten gai hori ez dutela heziguneetan inoiz landu. Gainera, %80k ez dakite inoiz frankismoaren aurkako borroka-forma antolaturik izan zenik, eta %20,2k galdetegian entzun zuten lehen aldiz "maki" hitza. Horren esanahia zekitenen artean, ia herenak zioen bere kabuz eginiko ikasketen ondorioz zekiela hori.
Garai hartako errepresioaren inguruan hezkuntzan azaltzen dena ere ildo beretik doa. Ikasleen %77k ez zuten errepresioaren gaia zuzenean landu. Hala, %80k ez zuten errepresio sistemikorik zegoenik identifikatu, eta %42,4k zuzenean esaten zuten, ikasgelan errepresioa zuzenean ez lantzeaz gain, ez dela inolako aipamenik egin inoiz, zeharka bada ere. Era berean, heziguneetan, %47,6k ez dute ezer ere entzun legez kanpoko erailketen inguruan; hobi komunen inguruan, berriro, ia %80k onartzen dute ez dutela ezagutza nahikoa gaiari buruz eta, gainera, horietatik %40k aipatzen dute euren irakasleak era konszientean eta borondate osoz ekidin zuela gaiaren inguruan sakontzea, kontrakoa eskatu bazitzaion ere.
Bestelako errepresio-formei dagokienez, errepresio ekonomiko gisa kalifikatutako edozein gairen inguruan (errepublikarren ondasunen konfiskatzeak kasu), %15,6k bakarrik adierazi zuten gaitegian zegoela eta behar bezala azaldu zela. %65,8k zioten, zuzenean, ez zutela sekula landu. Era berean, emakumeen aurkako zapalkuntza aztertzean, %6k soilik azaldu zuten gaia behar bezalako arretarekin jorratu zutela ikasgelan, ia %90ek emakumeenganako zapalkuntza berezirik aipatu ez zela zioten bitartean.