ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/15 14:00

Maiatz amaieran, Ezker Abertzaleak Hernaniko (Gipuzkoa) Kontrakantxa gaztetxearen, Hernaniko Gazte Asanbladaren eta Mugimendu Sozialistaren kontra egindako erasoak salatu zituzten, agerraldi baten bidez. Orduan jakinarazi zuten Hernaniko Txosna Batzordetik kanporatua izan zela Mugimendu Sozialista, eta beto politiko horrek indarrean jarraitzen duela ohartarazi zuen atzo Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak. Hala, Hernaniko San Joan jaietan txosnak jartzea debekatu diote Mugimendu Sozialistari.

Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dutenez, Txosna Batzordea elkartzen hasi zenetik hartu dute parte bileretan, eta "jardun politikoa aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa zaigun txosna jartzeko asmoa adierazi" zuten. "Ohiko txosnagunean plaza (leku) bat libre izanik, ez zegoen inolako arrazoi teknikorik gure parte-hartzea ukatzeko", argitu dute.

Dena den, Ezker Abertzalea nahiz Mugimendu Feminista hasieratik aritu dira Mugimendu Sozialistak txosna bat jarri ahal izatea galarazi nahian, Kontseilu Sozialistaren esanetan: "Arrazoi politikoak eman eta eztabaida politikoa elikatzetik oso urrun, duten indar posizioa erabili dute Mugimendu Sozialista Txosna Batzordetik kanporatu eta beto politikoa ezartzeko", salatu du.

Azkeneko mugimenduak

Debeku hori ikusita, eta "Txosna Batzordearen erantzukizuna berea denez", Hernaniko Udalarengana jo zuen orduan Mugimendu Sozialistak; hala, bere txosna beste tokiren batean jartzeko prestutasuna azaldu zion udalari. Udaleko agintaritzan dagoen EH Bilduk, baina, Txosna Batzordeari eskuordetu dio erantzukizuna, "eskuak garbitu nahian". "Udalaren eskumena izanik espazio publikoaren erabilera arautu eta bermatzea, bere ardurari muzin egin dio, erabaki hori Txosna Batzordeari esleitzen diola esanez", nabarmendu dute Kontseilu Sozialistako kideek.

"Behin baino gehiagotan proposatu ditugun alternatibak ukatu dizkigute eta, gure posizio politiko hutsagatik, sanjoanetan parte hartzeko aukerarik eta finantzazio iturririk gabe utzi nahi gaituzte", seinalatu dute: "Gure aldetik, prestutasun osoa izan dugu, ohiko txosnagunean ez izanda ere, txosna jartzeko dugun eskubidea beste leku batean gauzatzeko. Ordea, birritan ukatu zaigu eskubide hori, arrazoi politikoak medio".

Ustelkeria

Hernani, dena den, ez da Mugimendu Sozialistako antolakundeek beto politikoak jasan behar izan dituzten leku bakarra: "Jokaldi orokortua ari da izaten Euskal Herriko hiri, herri eta auzo ezberdinetan". Hernaniko kasu zehatzari erreparatuta, gainera, Kontseilu Sozialistak azpimarratu du "Sortu eta EH Bildu administrazio publikoa ari direla erabiltzen ezarri zaigun beto politikoa bermatzeko".

"Justifikaziorako arrazoien faltan, lehenagotik datorren intoxikazio kanpaina erabili dute eztabaida nahasi eta haiek ezarritako beto politiko hori ezkutatzen saiatzeko, maiatzeko agerraldia kasu", gaineratu du.

Jazarpen kanpaina eta tentsioa areagotzeko hautua

Kontseilu Sozialistako kideek gogorarazi dute "ezinbesteko finantzazio iturri" bat direla txosnak "era independentean antolatzen garen antolakundeentzat", eta horregatik daudela "Mugimendu Sozialistaren aurkako erabaki horiek Sortuk eta EH Bilduk gure aurka daramaten bazterketa eta kriminalizazio kanpaina orokorrago baten" barruan.

Salatu dute, bestalde, "tentsioa areagotzeko asmoa" duela "Mugimendu Sozialistari txosna jartzea ukatu izanak". "Lehenago esan izan dugun bezala, gu gara egoera honekin amaitu nahi dugun lehenak, langile klasearen despolitizazioa eta politikarekiko atxikipen eza eragiten dituelako. [...] kalean sortzen ari diren tentsioei aterabidea emateko borondatea adierazi dugu, bai Hernanin baita Euskal Herri mailan ere. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da politika egiteko berme batzuk lortzea: propagandaren aurkako erasorik ez jasatea, beto politikorik ez egotea, eta abar", zehaztu du Kontseilu Sozialistak. Dena den, uste du "batzuek jada aukeratu" dutela, "egoera baretzeko bitartekoak jarri beharrean, gure proposamenei muzin egin eta suari egurra botatzen jarraitzea".

"San Joanak gainean ditugu eta, gure militanteon defentsan, militantziarako eta politikarako baldintzen defentsan jarraituko dugu. Horretarako, beharrezkoa dugu festetan normaltasunez parte hartzea, eta Mugimendu Sozialistaren txosna jartzeko borondatearekin jarraitzen dugu", dio Kontseilu Sozialistak.

NO HAY COMENTARIOS