ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Report Afrique
2024/09/04 13:46

Frantziako Estatuan, gobernuak jadanik ez du ahalegin minimorik ere egiten hauteskundeak antzerki bat besterik ez direla ezkutatzeko. Uztailaren 7an izan zen legegintza-hauteskundeen bigarren buelta, eta Nouveau Front Populaire (NFP) koalizioa izan zen nagusi. Dena den, NFPk lehen ministro izateko proposatutako hautagaitza atzera bota du Emmanuel Macronek, eta hautagai kontserbadore baten alde egin du. Beste behin ere, hitzeman bezala faxismoari aurre egitetik urrun, ultraeskuinari toki gehiago egin dio agintaritzan, kolpe autoritario baten bidez.

Asanblada Nazioanalaren barruan, banaketa nahiko parekatuta geratu zen azken hauteskundeen ostean: NFPk 193 ordezkari ditu, Macronen koalizio zentristak 166, eta Le Pen faxistak ordezkatzen duen espektro faxistak 142 (Rassemblement National, RN). Ez dago erabateko gehiengoa eskuratu duen alderdirik.

Dena den, hauteskundeetako emaitzek markatutako lehen ministro bat aukeratu beharrean, idatzi gabeko arau hori baztertu du Macronek, eta uko egin dio Alderdi Sozialistako (PS) Lucie Castets hautagaiaren proposamenari. Aurrez ikusi gabeko egoera bat izan da Frantziako arku parlamentarioan, eta "estatu-kolpetzat" jo dute batzuek.

Macronek "kolpe antidemokratiko bat" egin duela esan du Manuel Bompard LFIko koordinatzaile nazionalak. Auzitegietara jotzeko mehatxua egin dute NFP osatzen duten alderdiek, baina konstituzioko 68. artikuluaren arabera, Asanblada Nazionaleko eta Senatuko botoen bi herenek babestu beharko lukete auzibidea. Nekez gertatzekoa da hori.

Lehen Ministro kontserbadorea, Le Penen babesarekin

Aurtengo Olinpiar Jokoen aitzakiapean, lehen ministro berriaren izendapena atzeratu zuen gobernuak. Jokoak amaitu ziren jadanik, eta NFPk egindako proposamena alboratuta, lehen ministro kontserbadore bat izendatu du oraintsu Macronek: Michel Banier.

Frantziako alderdi kontserbadore nagusiaren parte da Banier: Les Républicains (LR). Legegintza-hauteskundeetako azken bueltan 68 hautetsi lortu zituen Asanblada Nazionalean, eta bozkatuena izatetik urrun geratu zen, hortaz. Hala ere, Macronek bera hautatu du agintaritzan egoteko.

Lehen ministro berriaren izendapena begi onez ikusi du Le Pen faxistak, komunikatu ofizial baten bidez: esan du bere babesa izango duela kontserbadoreak.

NO HAY COMENTARIOS