ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/06 11:28

Durangoko (Bizkaia) Landako Gunetik hasi da, 17:30ak jota, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatutako manifestazioa, Sozialismoa eta autodeterminazioa. Langileok haustura politikoa zioen pankarta buru zuela. Milaka pertsona bildu dira bertan, Espainiako Konstituzioaren Egunean, salatzeko "Trantsizioa" deiturikoak ez zuela frankismoarekin "erabateko hausturarik" ekarri, eta "jarraipen-erregimen bat" sortu zutela ekonomia-eredu kapitalistari, nazio zapalduen azpiratzeari eta indar errepresiboei dagokienez.

"1978an Espainiako Estatua ohiko erregimen kapitalistekin berdindu zen, 50 urtez diktadura faxista batean egon ostean. Gauetik egunera dena aldatu balitz bezala", adierazi du Garazi Navarro bozeramaileak amaierako hitz-hartzean. Segidan zehaztu du "78ko erregimena" gogor oldartu dela urteotan langile-mugimenduaren aurka eta autodeterminazioaren eta sozialismoaren aurka. Eta hari berari tiraka gehitu du "eguneroko ogia" izan direla erailketak, espetxeratzeak eta errepresioa: "Era berean, langile-klasearen zati handi bat pobrezian bizi da Espainiako Estatuan, jabedun handiak etengabe aberasten diren bitartean".

Hori gutxi ez, eta "arrisku berritu" bati buruz ere hitz egin du bozeramaileak: "Estatuen bilakaera autoritarioa eta faxismoaren gorakada ari gara bizitzen. Eskuinaren partetik frankismoari aurpegi zuriketa egitea geroz eta ohikoagoa bilakatu da". EHKSren ustez, 78ko erregimena faxismoari ateak irekitzen ari zaio "beste behin ere", nazioarteko testuinguruak lagunduta. Eta gaineratu duenez, "ezker instituzionalak, bere aldetik, eskubideen urraketan sakondu baino ez du egin azkenengo urteetan".

Bilakaera iluna: bizi-baldintzen kaskartzea eta erreakzioa

Navarrok ohartarazi du, bestalde, hori guztia gertatu bitartean okerragotzen ari direla langile-klasearen bizi-baldintzak: "Lan-egitura egonkorra modu jarraituan suntsitzen ari da, soldata-maila etengabe apaltzen, estatu asistentziala gero eta gehiago murrizten (osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak…) eta, oro har, gizarte-desegituraketa areagotzen ari da".

Eta testuinguru horretan EAJk hartu duen rola salatu du EHKSk, adibide modura: "Dagoeneko aukeratu du bide-orria bere beherakada elektoralari aurre egiteko: erreakzioaren olatua hartzera bidean dago. Europako eta AEBetako ultraeskuindarrek eraikitako marko bat bereganatzen ari da, eta arazoen errua langile-klaseari egozten dio".

Haustura politikoa aldarri

EHKSren iritziz, Espainiako erregimenarekin eta hura eusten duen kapitalismoarekin haustura aldarrikatzeko unea da. Argi hitz egin du Navarrok: "Komunistok lehen lerroan egon behar dugu estatu kapitalistek sortzen dituzten injustizien aurka, sozialismoaren eta autodeterminazioaren premia azpimarratuz. Faxismoaren eta 78ko erregimen zapaltzailearen aurka indarrak batzeko eta ofentsiba politikora pasatzeko unea da".

Eta zentzu horretan, elkarlanerako deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak, eskua luzatu baitio "langile-klaseko kide orori, borroka antikapitalista eta antifaxista bere egin" dezan.

NO HAY COMENTARIOS