Errenteriako (Gipuzkoa) Papresa paper-fabrikako krisiak kaleratzeak ekarri ditu jada: bertan ematen zuten zerbitzua Algeposako hamasei langilek, baina Papresak aldebakartasunez kontratua eten ostean, kalera bidali dituzte. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Papresak otsailaren 18an eman zuen amaitutzat Algeposarekin sinatutako kontratua, eta 19an esan zieten hamasei beharginei horixe izango zela euren azkeneko laneguna.
Papresak kontratua moztu ostean, enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri du Algeposak, Errenteriako lantegian jarduten zuten langile guztiak kalera bidaltzeko. LABek salatu du horixe dela Papresako egoera larriaren "lehenengo ondorio zuzena", ziurgabetasunak hartu baitu paper-fabrika: badirudi hura saltzeko aukera aztertzen ari dela zuzendaritza, eta 110 langile daude arriskuan.
Astelehenean, otsailaren 23an, protesta bat egin zuten kanporatuak izan diren Algeposako beharginek, gertatutakoa publikoki salatzeko asmoz. Papresako langileek, berriz, lau orduko lanuzteak egin dituzte hilaren 20an eta 24an, euren lanpostuen defentsan. Hirugarren lanuzte bat ere izango dute ostiral honetan, otsailaren 27an, 12:00etatik 16:00etara.