Gaur, osteguna, lan-istripu bat jazo da irungo (Gipuzkoa) saltoki gune batean. EITB-ren arabera, soldatapean beharrean ari zela, zauritu egin da langile bat, goizeko 05:40ak aldera. Oraindik ez dute gertakarien inguruko zehaztapenik eman, baina argitu dute beharginak hanka batean izan dituela lesioak. Bidasoako Ospitalera eraman dute, bertan artatua izan zedin.
Gaurkoa ez da, baina, Gipuzkoan azken egunetan gertatu den lan-istripu bakarra izan. Duela bi egun, asteartea, hamar metroko altueratik amildu zen 44 urteko behargin bat, Hernanin (Gipuzkoa). Ibaiondo industrialdean kokatutako enpresa bateko teilatuan ari zen lanean, eta 09:00ak aldera, lurrera erori zen. Donostiako Unibertsitate Ospitalera mugitu behar izan zuten.
Urtea hasi zenetik, EAEn gora egin dute lan-istripuek. Urtarriletik irailera bitarte, gutxienez 27.959 langilek eskatu behar izan dute eritasun baja.