Mediterraneo itsasoko migrazio-bidean beste ontzi bat itsasperatu da asteazken honetan, Greziako hegoaldetik hurbil. Italiako itsasertzera heldu nahian ari ziren gutxienez 79 pertsonak galdu dute bizia, eta ehunka dira desagertutakoak. Lepo zegoen arrantza-ontzia: 106 lagun hipotermiak jota erreskatatu dituzte jada, baina migratu nahian ari ziren pertsonek azaldu dutenez, 750 inguru zihoazen ontzian. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM, gaztelerazko sigletan) arabera, 400 lagun izan zitezkeen.
Libiako Tobruk hiritik irten zen arrantza-ontzia, eta astearte gauean eskatu zuten laguntza, Greziako uretan. Alarm Phonek, dena den, gauerdian galdu zuen kontaktua ontziarekin.
Kalipsoko Fosa delakoan itsasperatu zen ontzia, antza, Itsaso joniarreko hego-ekialdean. Itsasoaren sakontasuna 4.000 metro ingurukoa da puntu horretan.
Oso gazteak dira Italiara heldu nahian ari ziren pertsona horiek guztiak; 20 urte ingurukoak, dirudienez. Pakistan, Siria nahiz Egiptokoak dira, zenbait iturriren arabera.
Asteazken goizean, Creta irlatik gertu, galduta zegoen beste belaontzi bat atzeman zuten itsasoan. 80 pertsona migratzaile zihoazen han. Aurreko igandean, bestalde, Peloponesoren hegoaldean galduta zegoen yate bat erreskatatu zuten. Beste 90 lagun zeramatzan ontzi horrek.