Albiste onak Zarauzko (Gipuzkoa) Lizardi institutuan. Urola Kostako Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak jakinarazi duenez, greba-prozedura aldatzea lortu dute ikasleek, euren eskubide politikoen defentsan. Izan ere, martxoaren 13rako deituta zegoen ikasle-greban, berriz geratu zen agerian "Lizardin genuen prozedurak ikasleon greba egiteko eskubidea oztopatzen zuela, gure eskubide politikoak zapalduz", eta borrokari ekitea erabaki zuten.
Indarrean zegoen greba-prozedurari aurre eginez, araudia aldatzeko lanean aritu dira: "400 ikasle baino gehiagoren sinadurak jaso ditugu, kontzentrazio bat egin dugu, eta, azkenean, egindako presioari eta lanari esker lortu dugu institutuan prozedura aldaketa onartzea".
Ondoko lorpenak egin dituzte, hain zuzen ere: greba egin edo ez bozkatu ahal izateko, gurasoen baimena derrigorrezkoa ez izatea; eta, greba-deialdi bat onartua izan dadin, ikasleen erdiaren babesarekin aski izatea, bi herenen baiezkoaren ordez.
Lizardiko ikasleek nabarmendu dutenez, garaipenak erakusten du "ikasleok gure antolakuntzaz eta borrokaz gauzak aldatu ditzakegula". Eta gaineratu dute. "Guk horretan jarraituko dugu, ikasleon beharretara egongo den hezkuntza-sistemaren alde lanean, eta dei egiten dugu antolakuntzara batzera".