ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Txabi Alvarado Bañares/aiaraldea.eus
2025/09/22 15:47

Bi lanuzte egin ostean, Laudioko (Araba) Maderas de Llodioko plantillak gaur hasi du greba mugagabea, enpresako zuzendaritzak ezarri nahi duen kaleratze kolektiboari aurre egiteko. Izan ere, hilabete honetan jakinarazi dute enpresak ekoizpenaren ia erdia lekualdatu nahi duela Garnica taldearen beste lantegi batzuetara, Laudioko 39 behargin kaleratuz. Horren aurrean, plantillak protestei eta lanuzteei ekin zien aurreko astean, baina ikusita zuzendaritzak bere asmoak mantentzen dituela, gaur jo dute greba mugagabera.

151 langile dira Laudioko lantokian, eta guztiek egin dute bat gaurko greba deialdiarekin. Hala, 05:00etan elkarretaratu dira fabrikako sarreran, beste lantegi batzuetako beharginek eta beste hainbat pertsonak babestuta, aiaraldea.eus-ek azaldu duenez.

Greba bete-betean, goizeko 09:00etan hasita, langile-batzordea eta enpresako zuzendaritza bildu dira, espedientearen inguruan hitz egiteko. Zuzendaritzak beste proposamen bat atera du mahaira, eta kaleratzeen baldintzak zertxobait aldatu baditu ere, eutsi egin dio 39 kaleratzeak gauzatzeko eta Laudioko jardunaren %40 tokialdatzeko asmoari. Beraz, greba mugagabean segituko du plantillak.

Bihar, asteartez, beste lantoki batzuetako langileekin batera egingo dute kontzentrazio bat, 12:00etan fabrikako sarreran. Ostegunean, berriz, Laudio herrira eramango dituzte euren aldarrikapenak, eta bertan egingo dute elkarretaratze bat. Egunero egingo dituzte piketeak gainera, 05:00etan, 13:30ean eta 21:30ean.

NO HAY COMENTARIOS