ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/13 17:36

Laugarren lanuztea egin zuten atzo, ekainaren 13an, Gasteizko (Araba) Corazonistak ikastetxeko jantoki-zerbitzuko langileek. Salatu dutenez, plantilla osatzen duten 22 langileen lan-baldintzak negargarriak dira, eta soldatak oso baxuak.

Jantokiko eta sukaldeko beharginen baldintzak Arabako ostalaritzako hitzarmenak zehazten ditu, baina 2019tik ez da berritu. Hala, langileen soldata ez da azken bost urteetan igo eta, bien bitartean, bizi-kostuek etengabe gora egin dute. Hori gutxi balitz, 2010. eta 2018. urteen artean ere lan-ituna ez zen berritu, eta, beraz, soldata %2 besterik ez zen igo 2019an.

Langileek, gainera, asteburuetan lan egiten dutela azpimarratu dute, ikastetxean bizi diren fraideentzat ere otorduak prestatu eta eman behar baitituzte.

Egoerari aurre egiteko, grebara jotzeko hautua egin dute langileek, Gastronomic enpresako zuzendaritzak uko egin baitio soldatak Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) arabera igotzeari. Antza denez, %5 eta %8 arteko soldata-igoera proposatu du, eta beharginek "guztiz onartezina" dela seinalatu dute.

Orain arte "galdutako erosahalmena" berreskuratzea eta KPIan oinarritutako soldata-igoerak eskatu dituzte. Zentzu horretan, gaineratu dutenez, "langileen eta lehengaien kostuaren igoera argudiatuta", enpresak 200 euro garestitu du jantoki-zerbitzua, baina hori ez da euren "ordainsarian islatu".

Nafarroan, itunpeko ikastetxeetako eta Ikastoletako langileak ere mobilizatu dira

Iazko irailean abiatu zituzten protestak, patronalak akordio berri bat sina zezan. 2024ko abuztuan iraungiko da Nafarroan indarrean dagoen lan-hitzarmena eta, hortaz, datorren ikasturtea itunik gabe abiatuko dute, oraingoz. Hainbat mobilizazio egin dituzte jadanik ikastetxeetan, Ikastoletan, patronalaren egoitza aurrean eta Hezkuntza Departamentu aurrean.

Halere, negoziazioetan "aurrerapausorik eman gabe" jarraitzen dutela salatu dute langileek, eta iritzi diote Nafarroako Hezkuntza sailburuak ez dituela "bilera-eskaerak aintzat hartu". Hala, biltzeko deia egin diete patronalari eta Nafarroako Administrazioari, eta "ekintza sendoagoekin mobilizatzen" jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

NO HAY COMENTARIOS