Gerraren bosgarren urtean sartuko da Ukraina, gero eta bakartuago
— ARGAZKIA Volodymyr Zelensky (X)

Gaur beteko dira lau urte Errusiako Federazioak Operazio Militar Berezia deiturikoari ekin zionetik Ukrainan. Kieven inbasio azkarreko saiakera gisa hasi zen gerra hori, eta ia 1.500 egunen ondoren, higadura eta bakardade gero eta handiagoko fase batean sartu da Ukraina.

2022an, Mendebaldeak "balio demokratikoen aldeko gurutzada" gisa aurkeztu zuen Ukrainako gerran esku hartzea, "errusiar basakeriaren" aurka. Gerora, ordea, gatazka deseroso bihurtu da beretzat, eta Europako liderrek eta Washingtonek gatazka horretatik askatu nahi dute. Donald Trump Etxe Zurira iritsi izanak urruntze-prozesua azkartu baino ez du egin: Etxe Zuriko buruak uste du "negozioak egiteko azkar amaitu beharreko kontua" dela Ukrainako gerra, eta Zelenski "heroi" izatetik "diktadore" izatera pasatu da AEBetako gobernuarentzat, hauteskundeak deitzeari uko egiten diola aitortuz.

Tokian bertan, egoera tamalgarria da. Kalkuluen arabera, 12.000 eta 35.000 soldadu errusiar artean hiltzen dira hilero; ukrainar bajak, berriz, ez dira erabat ezagutzen. Biztanleria zibila berogailurik gabeko eraikinetan harrapatuta dago azken hamabost urteetako negurik hotzenean, eta herrialdeko hamaika eremutan daude elektrizitaterik eta gasik gabe.

Paradigma aldaketa Mendebaldean

Nazioarteko arreta mediatikoa, gerrako lehen hilabeteetan telebistak mapa interaktiboz eta gerrako korrespontsalez betetzen zituena, desagertzen joan da nekeari eta teoria konspiratiboei bide egiteko. Bien bitartean, Ukrainako ustelkeria sistemikoak (Defentsa Ministeriotik hasi eta estatuko energia-enpresaraino) eta Zelenskiren deriba autoritarioak naziorteko babesa higatzen lagundu dute.

AEBen paradigma-aldaketa erabatekoa da. Bidenen gobernuak arazoak sortzeko eta Errusia ahultzen saiatzeko erabili zuen gerra. Trumpen administrazioak, berriz, Europari presioa egiteko baliatzen du guda, Washingtondik sustatutako proxy ultraeskuindarrei partzialki aurre egiten baitie oraindik ere; 2025eko Segurtasun Nazionaleko Estrategian esplizituki islatutako plan bat. Gainera, duela gutxi, agerian geratu da Steve Bannon ideologoak eta Jeffrey Epstein pederasta milioidunaren eragin-sareek estrategia horren garapenean izandako rola.

Macron eta Meloni, Putinekin hitz egitearen alde

Putinentzat, Kremlingo buruzagitzarentzat eta bere estrategentzat, gatazka "arazo existentzial" bat bihurtu da. Europako hainbat agintarik, Macron eta Meloni buru direla, orain defendatzen dute "Putinekin hitz egitea beharrezkoa dela", lau urtez deabrutu eta bere industria hondoratzen ahalegindu ondoren, prezio energetiko ikaragarriekin adibidez. Europako kaleetan gogaitasuna nagusitu da, eta gero eta ahots gehiagok mahaigaineratzen dute 2014tik gerran dagoen Donbass entregatzeko aukera, auzia konpontzeko.

Egoera iluna Ukrainako Gobernuarentzat

Horren guztiaren erdian, Errusiaren aurkako gerrako bosgarren urtean sartzeko prestatzen ari da Ukraina. Bere momentuan Times-en azala hartzea lortu zen herrialdea, noizbehinkako albistea da gaur egun. Gizartearen gogaitasunak, berrarmatzeko planek, finantza-zuloak, zorpetzeak, potentzia handien interes geopolitikoek nahiz ustelkeriak eta masa-desertzioek jazarritako gobernu baten ahuleziak egoera goibela marrazten dute Kieveko agintarientzat, baina, batez ere, ukrainar herriarentzat. Izan ere, biztanleria horrek ikusten du nola bere seme-alabak derrigorrean errekrutatzen dituzten, garaipen-promesak desagertzen diren bitartean; eta nola Europaren etorkizuna diseinatuko duten negoziazioak haien ezkutuan izaten ari diren.