2019ko urriaren 20an, Bilboko (Bizkaia) Euskalduna jauregian egin zuen mitin bat VOX
alderdiak, eta jende ugari elkartu zen aurrean, protesta egiteko. Protesta antifaxistan zeudenen aurka jo zuen Ertzaintzak, eta kargaren ostean, istiluak izan ziren hainbat orduz. Bilboko zenbait kale itxi zituzten hainbat gaztek, besteak beste, edukiontziak erabilita, eta atxiloketak izan ziren.
Istilu horien harira, 22 gazte epaituko dituzte orain, bi urte beranduago; adingabeak dira haietako sei. Gaur, bihar eta etzi izango dira epaiketa-saioak, eta "ordena publikoaren aurka egitea" leporatzen diete guztiei. Delitu hori dela-eta, bi urteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte bakoitzarentzat. Auzipetuetako biren kasuan, gainera, "kalteak eragitea" ere egozten diete; hala, dirudienez, beste bi urteko kartzela-zigorrak eska ditzakete haientzat.