Gasteizen (Araba), hiru familia kale gorrian utzi zituzten aurreko astean, aurrez inolako jakinarazpenik egin gabe eta bizitoki-alternatibarik izan gabe. Prado kaleko 4. zenbakian bizi ziren hiru familiak, azpierrentan: iruzur egin zien alokairu faltsuak egiten zituen sare batek, eta egoera larrian izan dira azken hilabeteetan. Apirilean salatu zuten kaleratuak izateko arriskuan zeudela, baita argirik gabe eta erroldarik gabe ere. Denbora luzez errentatzaile iruzurtien aldetik "indarkeria mota guztiak pairatu" eta gero, irailaren 12an etxegabetu zituzten Pradoko 4. zenbakiko bizilagunak; tartean, sei adingabe.
Atzo agerraldi bat egin zuen Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, etxegabetzearen inguruan hitz egiteko eta, zehazki, Gasteizko Udalaren eta gizarte zerbitzuen erantzukizuna mahaira ateratzeko. Hala, instituzio horiek hiru familien kaleratze-prozesuan izandako parte-hartzea eta ardura azaldu zituen sindikatuak.
Gizarte zerbitzuak, pasibotasunean aktibo
"Sare kriminala [alokairuekin iruzur egiten zuena] atxilotua izan eta gero, instituzioek ez zieten familiei babes errealik bermatu: alternatibarik gabe, hor [Pradoko 4. zenbakian] bizitzen jarraitu behar izan zuten kontraturik eta erroldarik gabe, hots, inolako berme juridikorik gabe eta etengabeko etxegabetze-mehatxupean", jakinarazi dute Etxebizitza Sindikatuko kideek.
"Gizarte zerbitzuek hasiera-hasieratik izan zuten egoeraren berri: etxebizitza bisitatzera joan ziren, bizigarritasun-baldintza txarrak eta familia zaurgarriak zeudela egiaztatu zuten, eta haiekin harremanetan jarri ziren", xehatu dute gizarte zerbitzuei buruz: "Guk geuk behin baino gehiagotan lagundu izan diegu gizarte langileekin zituzten hitzorduetara. Hala eta guztiz ere, ez zuten inolako borondate errealik izan alternatibak bilatzeko. Kasu batzuetan oinarrizko Gizarte Larrialdietarako Laguntzarik ere ez zieten eskaini, hala nola, haurren zaintzarako eta higienerako laguntzak".
Askotariko erantzukizunak
Gertatu den guztia ikusita, hainbat galdera mahaigaineratu ditu Etxebizitza Sindikatuak, agerian uzteko gizarte zerbitzuek, epaitegiak, poliziak nahiz segizio judizialak izandako ardura; etxegabetzearen aurretik, bitartean eta ondoren. "Non egon ziren gizarte zerbitzuak etxegabetzea izan bitartean? Epaitegiak ez al zuen alokairuekin iruzur egiten zuen sare kriminalaren berri? Ez al zekien etxebizitza horretan familia zaurgarriak bizi zirela? Familia zaurgarrien kasuan, ez al du gizarte zerbitzuekin egoera baloratzeko betebeharra? Etxegabetzearen egunean, zergatik urratu zituzten poliziak eta segizio judizialak familien oinarrizko eskubideak, hala nola, ordezkatuak izateko eskubidea eta laguntza jasotzeko eskubidea? Etxegabetu behar zituzten familiak zaurgarriak zirela jakinda, zergatik ez zieten gizarte zerbitzuei deitu? Zergatik utzi zuten etxegabetzea gauzatzen? Zer ulertzen dute gizarte zerbitzuek bizileku-alternatiba gisa, aldi baterako apartahotel bati alternatiba deitzea? Paperekin laguntzea edota aterpetxeko zerrendetan izena ematea da eskaintzen duten irtenbidea?", galdegin du sindikatuak.
Hala, "Gasteizko Udalaren arduragabekeria" salatu dute sindikatuko kideek; "bereziki, gizarte zerbitzuen eta udaltzaingoaren jarduna". "Batzuek zein besteek, egoera ondo ezagutzen zuten arren, ezikusiarena egin eta eskuak garbitu dituzte", gaineratu dute.
Gaizkileak balira bezala
Adierazi dute, gainera, "kaltetutako familiak gaizkileak balira bezala tratatu" dituztela instituzio horiek guztiek, "pairatu behar izan duten egoeraren erantzukizuna haien gain jarriz". "Kasurik onenean, inozotzat hartu dituzte, jazotakoa bizilagunen errua balitz bezala jokatuz. Oro har, baina, bizilagunak kriminalak bailiran jokatu dute, hau da, egoera jasanezin hori haiek bilatutakoa balitz bezala eta, ondorioz, alternatibarik merezi ez balute bezala", gaitzetsi du Etxebizitza Sindikatuak: "Basakeriatik ateratzeko antolatzeko eskubiderik ere ez diete onartu, ez ordezkatuak izatekoak, ez lagunduak izatekoak, ezta babestuak sentitzekoak ere".
Etxegabetzeen kontra
"Horrelako zenbat kasu ematen dira itzalpean? Zenbat familia geratzen dira etxebizitzarik, alternatibarik eta babesik gabe
egunerokotasunean? Gehiegi", ohartarazi dute sindikatuko kideek. Beste behin ere, etxegabetze guztien etetea aldarrikatu dute: "Eguneroko etxegabetzeen basakeriaren aurrean, poliziaren zein aparatu judizialaren indarkeriaren aurrean eta instituzioen arduragabekeriaren aurrean, etxegabetze guztiak baldintzarik gabe eta betirako eten daitezen borrokatzen eta antolatzen jarraituko dugu".
Ekainean aurkeztu zuten Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista; azken urteetan Euskal Herriko eskualdeetako eta hiriburuetako Kontseilu Sozialistek lekuan leku sortutako Etxebizitza Sindikatuen indarrak batuta. Hamalau aldarri jasotzen ditu Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren proposamen politikoak; hala nola, etxegabetze guztiak geratzea.
🔵 #etxebizitzasindikatua
— Kontseilu Sozialista Gasteiz (@Kontseilua_Gast) September 19, 2023
Prado kalean hiru familia etxegabetu zituen Udaletxeak, aurretik jakinarazi gabe eta inolako alternatibarik eskaini gabe. Berriz ere, agerian geratu da proletalgoa guztiz babesgabe aurkitzen dela instituzio burgesen aurrean. pic.twitter.com/tD9jGBL6jI