ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/08 09:48

Gasteizen (Araba) 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten joan den ostegunean, prostituzioan aritzen den emakume bati eraso egiteagatik. Itxura denez, beste gizon batek eman zuen erasoaren berri: jakinarazi zuen erasotzaileak gela batean atxikirik zeukala emakumea, bere borondatearen kontra.

Zehazki, gela horretan giltzapean izan zuen emakumea, eta labana batekin mehatxu egin zion han. Liskar bat izan ostean eraso zion emakumeari gizonezkoak: esan zion "desados" zegoela berak "emandako sexu-zerbitzuekin", eta bere kontra oldartu zen.

Gelatik ihes egitea lortu zuen emakumeak, eta gero atxilotu zuten erasotzailea. Ostiralean eraman zuten epailearen aurrera.

500 emakume

Gasteizko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak azaldu duenez, Arabako hiriburuan, gutxienez 500 emakume daude prostituzio-egoeran gaur egun. Hala, prostituziorako 40 pisu eta zazpi lokal atzeman dituzte gaur-gaurkoz. Itaiako kideek ohartarazi dute, gainera, prostituzioan aritzen diren emakumeen %10 eta %15 artean direla sexu-esplotaziora bideratutako pertsonen salerosketa jasan dutenak.

Itaiak salatu du prostituzioak "objektu sexual izatera murrizten" dituela emakumeak, eta haien aurkako "indarkeria normalizatzen" duela. Beharrezkotzat jo du "prostituzioaren merkatutik etekinak ateratzen dituztenen erantzukizuna seinalatzea", baita hori guztia ahalbidetzen eta egonkortzen duten gizonezko "kontsumitzaileena" ere. "Inork bere burua prostituzioan aritzera behartuta ikus" ez dezan, "guztiontzako kalitatezko bizi-baldintza berdinen alde borrokatzera" deitu dute Itaiako kideek.

NO HAY COMENTARIOS