ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/22 13:12

Beste etxegabetze bat Euskal Herrian. Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, gaur goizean bota dute familia bat bere etxetik; "nahiz eta egoera zaurgarrian egon, adingabe bat izan eta etxebizitzarik ez izan lekuz aldatzeko". Sindikatuak salatu du erakunde publikoek ez diotela bizitoki-alternatibarik bermatu familiari, eta Larrialdietako Gizarte-Zerbitzuetara jo behar izan duela aldi baterako etxebizitza bat lortzen saiatzeko.

Udaletxe aurrean elkarretaratu dira sindikatuko kideak gaur goizean. Gogorarazi dute orain arte askotariko jazarpena jasan behar izan duela etxegabetutako familiak, eta "maizterren erabateko babesgabetasuna" eta "jabe batzuek daukaten inpunitatea" salatu dituzte. Izan ere, etxejabearen indarkeria pairatu behar izan du familiak denbora luzez: "Hornidura-mozketak, sarraila aldatzeko saiakerak, desokupazio-enpresen presentzia, hitzezko tratu txarrak...".

Instituzio publikoen pasibotasuna

Sindikatuak gogora ekarri du aurreko ikasturte politikoan 60 etxegabetzetan baino gehiagotan esku hartu zuela Gasteizen, eta hainbat desalojo geratzea lortu bazuen ere, burutzeko bidean direla beste batzuk. Hainbeste kasu esku artean izanik, ohartarazi du erakunde publikoek "gero eta gutxiagotan" bermatzen diela bizitoki-alternatibaren bat biktimei, "premia larriko egoerak" tartean izan arren. 

"Administrazio publikoek (Espainiako Estatuko gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak) eraikuntza eta higiezinen enpresei mesede egiten dieten hirigintza-proiektu berriak iragarri dituzten bitartean, langile-klaseko familiek etxegabetzeei, pilaketari eta etxejabeen gehiegikeriei aurre egiten jarraitzen dute", esan du sindikatuak: "Dirua badago eraikuntza-enpresen poltsikoak betetzen jarraitzeko, baina ez dago dirurik langile-klasearen premiarik funtsezkoenak asetzeko". Horrekin batera, etxegabetze guztiak behin betiko eten daitezela exijitu du berriz.

NO HAY COMENTARIOS