ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / gasteizberri.com
2026/01/21 10:21

Gasteizen (Araba), kaleratu egin dituzte Amvisa ur-zerbitzuko arreta emateaz arduratzen ziren sei langileak, inolako kalte-ordainik eman gabe. Urtarrilaren 9an, Amvisako administrazio-kontseiluak erabaki zuen zerbitzuaren zati bat publifikatzea, PSOEren, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Orain arte azpikontrataturik egon den plantilla ez dute subrogatu, ordea, eta sei beharginak kalera bidali dituzte publifikazio-prozesuan.

Oraindik ez dituzte bezeroentzako arretako lanpostu publiko berriak sortu, eta ez Amvisak ez orain arte zerbitzua kudeatu duen azpikontratak ez dute argitu zein pauso emango dituzten. Hala ere, ziurgabetasunaren erdian, urtarrilaren 12an kaleratu zuten plantilla osoa, eta momentuz, Amvisako beharginak ari dira arreta-zerbitzua ematen.

ELAk salatu duenez, "Gasteizko Udalaren eta EH Bilduren erabaki politiko" bat izan da hartutakoa: "Plantilla horrek udala eta Amvisa palestran jarri zituzten aurreko urtean eta irabazi egin zuen. Orain kaleratu egin dituzte, mendeku modura". Eta gaineratu du: "Publifikazioak ezin ditu kaleratzeak ekarri". Bezeroen arreta-zerbitzuko langileek 2024an eta 2025ean egin zuten greba lau hilabetez, eta udala eta Amvisa seinalatu zituzten euren lan-baldintza prekarioen erantzule modura.

Kanporatuak izan diren langileei klase-elkartasuna adierazi die Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), eta azaldu du publifikazioa aitzakia bat izan dela protestara jo zuten beharginak zigortzeko. "Zerbitzuen publifikazioa langileon borroka erasotzeko erabili du udalak", ohartarazi du LASek: "Azpikontratatutako langileen interesen defentsa soilik antolakuntza eta borrokaren bitartez bermatu daiteke".

NO HAY COMENTARIOS