"Abendu honetan, 23 pertsona etxegabetuak izateko zorian daude". Hala azaldu zuen atzo Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak. "Egoeraren larritasuna ikusita", prentsaurreko bat egin zuen Gasteizko Zentro Sozialistan. Agerraldian azaldu zuenez, Alokabideren hainbat etxetan bizi dira kaleratze arriskuan dauden pertsonetako batzuk, eta ostatu batean bizi izan dira beste batzuk.
Alde batetik, zehazki Arriagako Atean bizi diren bost familia daude etxegabetze arriskuan; Alokabiderenak dira pisu horiek. Baliabide gutxiko familiei zuzendutako zuzkidura-bizitokiak dira; ez dira etxebizitzak, ekipamendu publikoak baizik. Horregatik, Alokabidek galarazi egiten die maizterrei horietan bost urte baino gehiago igarotzea, "gizartearen beharren zerbitzura dagoen baliabide publiko bat pribatizatu nahi ez izatea" argudiatuta. Orain, Etxebizitza Sindikatuak adierazi bezala, "bost familia bota nahi ditu bitartekotzarik gabe eta inolako bizitoki-alternatibarik gabe, argi eta garbi erakutsiz estatu burgesak modu bereizi eta bateraezinean ulertzen dituela gizartearen eta proletalgoaren beharrak".
Bestalde, Alde Zaharreko Barrenkale kaleko ostatu pribatu batean bizi diren hamasei maizter daude etxegabetze arriskuan; logeletan bizi dira alokairuan. Logelak alokatzen ditu ostatu horren jabeak, hilero berritzen diren kontratuen bidez. Hala ere, Etxebizitza Sindikatuak baieztatu bezala, "gehienek hainbat hilabete daramatzate han bizitzen, eta hori da haien etxebizitza bakarra". Jabea maizterren egoera ezegonkorraz baliatzen dela salatu dute: "Jabeak, beraz, bere etxebizitzak ostatu bihurtzea erabakitzen du, alokairu erregular bihurtu beharrean, maizterren ezegonkortasunaz baliatzen delako".
Are gehiago, Gasteizko Udalari leporatu diotenez, Gasteizko Gizarte Zerbitzuek egoera makurrean dauden pertsonei hainbatetan gomendatu die ostatu hori. Orain, jabeak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, hustu egin behar izan du establezimendua. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, instalazioek ez dute legezko ostatu-negozioa izateko araudia betetzen. Ondorioz, hamasei maizter kaleratu zituzten atzo [alokairu-kontratua amaitzen zen eguna] eta "ia ez dute berme legalik, legearen arabera, haien etxebizitzak ez direlako ohiko etxebizitzak".
Gainera, atzo logeletatik irteten ez baziren, jabeak kontratuaren klausula penalak baliatzeko aukera izango zuen; hau da, "kontratuak eguneko 50 euroko zigorra aurreikusten du, kontratua amaitu ondoren logela uzten ez den lehen egunetik aurrera". Beraz, atzo bizitokia uzten ez zuenak zor handia izango zuela azaldu du Etxebizitza Sindikatuak. "Hori gutxi balitz, jabeak ur eta argi hornidura moztuko dituela mehatxu egin du. Esandako guztia legearen barruan sartzen da, kontratuaren klausulak ere badira", gehitu zuten atzoko prentsaurrekoan.
Egoeraren zentzugabekeria ere azpimarratu zuten: "Hamasei maizterrek etxea utzi behar dute ostatuak negozio bat izateko baldintzak betetzen ez dituelako. Etxebizitzak egoera onean daude, bizitzeko leku aproposak dira, baina, hor bizi diren pertsonek kalera joan behar dute, ezin zaielako araudiaren arabera kobratu hor bizitzeagatik".
Etxegabetzeen berehalako etetea
Etxebizitza Sindikatuak etxegabetze guztiak bertan behera geratzea exijitu du. Alde batetik, Alokabideri exijitu dio zuzkidura-bizitokietan bizi diren pertsonen etxegabetzeak berehala etetea, bizitoki-alternatiba negoziatu bat aurkitu arte. Bestetik, Gasteizko Udalari eskatu dio, "bizileku-irtenbide negoziaturik ez dagoen bitartean, pertsona horiek beren etxeetan egon ahal izatea", ondorio penalen edo hornidura-mozketen beldurrik izan gabe.
Barrenkale kaleko jabeari dagokionez, zera adierazi dio Etxebizitza Sindikatuak: "Zure negozioak ostatu bat izateko baldintzak betetzen ez baditu, alokatu itzazu etxebizitzak alokairu-kontratu erregularren pean. Konponbidea erraza da. Bide hori aukeratu beharrean, jabeak establezimendua ixtea erabakitzen badu, Etxebizitza Sindikatuak publikoki adieraziko du bera dela jendea kalean uztearen arduraduna".
Ofentsiba burgesaren aurrean, antolakuntza komunista
Kaltetutako pertsonek Etxebizitza Sindikatuarekin batera antolatzea erabaki ez balute, etxegabetze horiek "isilean" egingo liratekeela esan dute. Horrek bi auzi garrantzitsu adierazten ditu haien esanetan. Batetik, salatu dute Ezkutu Sozialaren benetako helburua ez dela "etxegabetzeak desagerraraztea, baizik eta horiek gizartean eragin lezaketen haserrea saihestea"; izan ere, etxegabetzeak atzeratzen dituen dekretua indarrean egon arren, horren eraginkortasuna oso urria dela frogatutzat eman dute sindikatuko kideek. "Moratoria
indarrean dagoen arren, asko dira Etxebizitza Sindikatura
iristen jarraitzen duten etxegabetze kasuak", esan dute.
Bestetik, proletarizazio testuinguruan egonda, lehentasun gisa seinalatu dute klase independentzian oinarritutako posizio batetik mobilizatzea, "proletarioen interesak bermatzeko modu bakarra" dela ulertzen baitute. Alderdi sozialdemokratak ere proletalgoaren aurkako neurrien "konplize" direla seinalatu du Etxebizitza Sindikatuak, "burgesiaren ofentsiban are gehiago sakontzen duten hainbat erreforma onartu" baitituzte. "Bizi-baldintzen aurkako ofentsiba burgesaren aurrean, alternatiba bakarra antolakuntza komunista artikulatzea eta hedatzea" dela ere aldarrikatu du Etxebizitza Sindikatuak.