Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) protesta-ekintza nazional bat egin du gaur goizean Baionan (Lapurdi), Frantziako Estatuan inposatzen ari diren soldadutza-eredua salatzeko. Herriko Etxearen aitzineko zubia moztu dute hainbat gaztek, Zerbitzu militarrari ez! zioen pankarta bat zutela. NATOren, Europar Batasunaren eta Frantziako Gobernuaren aurkako aldarriak izan dira errepide-mozketan, eta manifestariek ozen oihukatu dute: "Zerbitzu militarrari aurre egin. Kapitalisten gerrari aurre egin".
Frantziako Gobernuak soldaduska berri baterako bidea ezarri du, 'boluntarioentzat' bailitzan hasi eta, gerora, Alemanian bezala, derrigorrezkoa izan daitekeena", ohartarazi dute GKSko kideek: "Bete-betean kolpatzen gaituen neurri militarista bat da". Horiek horrela, pixkanaka indarrean sartzen ari diren soldaduska-ereduaren aurka mobilizatzera eta antolatzera deitu dute. "Ez gara zuen gerretan hilko".
Macronen gobernuaren neurri gerrazaleak
GKSk salatu du, gaur egun, Frantziako presidente Emmanuel Macron dela "agenda belizista aurrera daraman agintari nagusietako bat". "Argi ikusi dugu aste honetan bertan. 36.000 milioi euro gehituko ditu berrarmatzearen gastura", zehaztu du. Lehen lau urteetarako, 2.300 milioiko kostua izango du soldaduskak, 2026ko murrizketa sozialak 43.800 milioikoak izango diren bitartean.
Frantziako Gobernuak oraintsu ekin dio hamar hilabeteko "borondatezko" errekrutatze-kanpainari, 2026an 3.000 soldadu lortzeko asmoz; 2035ean 42.500 izan daitezela nahi du. Kanpaina "borondatezkoa" bailitzan saldu duten arren, gobernuak jada iragarri du Parlamentuak derrigorrezko errekrutamenduak agintzeko aukera izango duela "krisi handietan".
Oligarkiaren agenda autoritarioa eta belizista, langile-klasearen kalterako
"Behin eta berriz salatu dugun estatuen autoritarismoaren adierazpen argienetako baten aurrean gaude; estatu militarizatua, Poliziaren bortizkeria eta inpunitatea defendatzen dituena eta, finean, langile-klasearen eskubide oro deuseztatzen duena", laburbildu du GKSk: "Pobretzen gaituzten eta gerrara garamatzaten agintari eta politikari berberak dira hezkuntza eta osasungintza bezalako oinarrizko beharrei geroz eta arreta gutxiago jartzen dietenak".
Xehatu du, gainera, Frantziako Estatua ez dela "programa autoritario eta gerrazalea" ezartzen ari den bakarra: "Kontrara, oligarkiaren estatu guztiek onartu dute eta betetzen ari dira, sozialdemokraziatik hasita ultraeskuinera, NATOren eta Europar Batasunaren menpean".
Oligarkiaren neurriak neurri, "langile-klasea izango da kaltetuena", GKSk adierazi duenez: "Bere seme-alabak bidaliko dituzte frontera. Bitartean, etxean geratuko dira oligarkiak, politikari profesionalak eta gerratik etekina aterako dutenak. Langile-klaseak ez du ezer irabazteko oligarken eta inperioen arteko borroketan".
Manifestazioak urtarrilaren 31n, Bilbon eta Iruñean
Estatuen autoritarismoari eta faxismoari ezetz esateko, GKSk mobilizazio-deialdi nazionala egin du urtarrilaren 31rako: manifestazio bana egingo du Bilbon (Bizkaia) eta Baionan (Lapurdi). "Faxismoaren eta estatuen biraketa autoritarioaren aurrean euste-horma bat eraikitzea" da gazte-antolakundearen asmoa, eta Euskal Herri osoan barrena egiten ari da mobilizatzeko deia. 18:00etan hasiko da Bilboko mobilizazioa, Jesusen Bihotzetik, eta 18:30ean Iruñekoa, Erorien Monumentutik.