ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/23 12:46

Micaela Núñez Feijóo da Eulen enpresako zuzendarietako bat, PPko presidente Alberto Núñez Feijóoren arreba. Eta, bitxiki, enpresa horrek gutxienez 175 kontratu itxi ditu aurten PP buru duen Galiziako Xuntaren menpeko hainbat organorekin; sektore publikoko fundazioak, kontseilaritzak, agentzia publikoak, merkataritza-sozietate publikoak, eta abar. El Salto egunkariaren arabera, kontratu horiek ez dituzte lehiaketa publiko bidez ezarri. Hala ere, Alfonso Ruedak gidatutako Xuntaren 1.842.354,32 euro jaso ditu Eulenek 2024an zehar.

Atzera begiratuz gero, 2018tik hona, beste 4,8 milioi euro jaso ditu enpresak Galiziako Gobernuaren partetik, 1.311 kontraturen barruan. 2009tik 2018ra arteko kontratuak, ordea, ez daude argitaratuta. Epe horretan Xuntako buru izan zen Alberto, beraz, baliteke kontratu gehiago esleitu izana modu zalantzagarrian. Feijóo Galiziako presidente izan zenean, Eulenek Xuntako diru publikotik 37 milioi euro inguru jaso zituela uste dute.

El Salto-ren esanetan, 2022ko maiatzetik 2024ko irailera bitartean, 17,3 milioi euroko balioa duten ia 200 kontratu esleitu dizkio Xuntak Euleni eta hari lotutako korporazioei; hala nola, Eulen Centro Especial de Empleo, Eulen Seguridad eta Eulen Servicios Sociosanitarios. Azaldu dute, gainera, Eloína Núñez Masid dela osasun-saileko buru; Micaela eta Alberto Nuñez Feijóoren lehengusina.

Alvise eurodiputatu faxista, ikerketapean

Hainbat hedabidek udaberrian jakinarazi zuten Se Acabó la Fiesta (SALF) alderdiko buruak, Alvise Pérez faxistak, 100.000 euro jaso zituela eskudirutan, Europako hauteskundeak egin baino zenbait egun lehenago. Madeira Invest Clubeko (MIC) finantza-bulegoak eman zion diru hori. Luis Cryptospain izenez ezaguna den enpresaburuak hainbat dokumentu eman zizkion fiskaltzari, SALF finantzatzeko dirua eman zuela erakutsiz.

Alderdia legez kontra finantzatzeagatik salatu zuen Alvise Luis Cryptospainek, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa bat abiatu zuen. Eurodiputatua izanik, Espainiako Auzitegi Gorenari bideratu diote auzia, eta epaileak uste du Alvisek dirutza modu ilegalean jaso izanaren "aztarna sendoak" daudela.

NO HAY COMENTARIOS