"Mina eginda dago: nire ohore, duintasun eta segurtasunaren kontra, nire familiaren izen-abizenak partekatuta, nire neba-arreben Instagam kontuak, Unai Romanorekin egin zutena egin beharko ninduketela eta abar, eta abar. @Albertopugilat eta @daniesdsk, epaitegietan ikusiko gara". Alain Eigurenek hala jakinarazi zuen, X sare sozialean, salatu egin dituela Alberto Gonzalo de Juan (Alberto Pugilato izenez ezagutzen den militante neonazia), Daniel Esteve (Desokupa enpresako burua) eta beste hainbat pertsona, bere aurkako gorroto-mezuak, irainak eta mehatxuak zabaltzeagatik.
Eigurenek sare sozialetan jasan behar izan duen seinalamendu-kanpainaren abiapuntua bulo bat da; gezur bat. Izan ere, futboleko Munduko Kopako finalean Bilbon konfrontazioak gertatu eta egun gutxira, Sondikako (Bizkaia) gaztearen argazkiak eta informazio pertsonala zabaldu zituzten sareetan hainbat erabiltzalek: Espainiako Selekzioaren aldeko zale bati eraso egin izana leporatzen zioten. Eigurenek akusazioa gezurtatu du.
Buloa zabaltzen hasi zenean, Alaini lagun-kuadrillakoek bidali zizkioten argitalpenak Whatsappetik, eta hala izan zuen gertatzen ari zenaren berri. "Mezu mordoa heldu zitzaizkidan", azaldu du: "Pugilatoren eta Esteveren txioak bidali zizkidaten. Lagunen eta ezagunen bidez izan nuen guztiaren berri". Eta nabarmena zen zein figura ari ziren gezur hori bultzatzen: "Argi dago. Faxista, neonazi eta ultraeskuindarrek zabaldu dute".
Gazte sondikarraren informazio pertsonala argitaratzeak (tartean, berekin jotzeko modua) berehala izan zituen ondorioak, bere aurkako gorroto-mezu olatu izugarri bat hedatu baitzen eta orotariko mehatxuak hasi baitziren: "Aitor Zabaletaren moduan utzi behar nindutela [faxista batek 1998an erail zuen Madrilen], Unai Romanoren moduan utziko zidatela aurpegia [Guardia Zibilak 2001ean torturatu zuen modu basatian], "Gertu harrapatzen nauzu", nire familiaren zuhaitz genealogiko osoa... Nire arrebari ere idatzi diote".
Beldurra eta "faxismoaren aurrean kikiltzea" helburu
Eigurenek berak esku hartu behar izan zuen sareetan kanpaina geldi zedin, jakinarazi baitzuen ez zela egia egozten ziotena, eta gezurrak zabaltzen ari zirenen kontrako salaketak aurkeztu zituela. Pugilatok, azkenean, ezabatu egin behar izan du bere txioa. Horrekin eta X-ko "ezkutatu eta blokeatu estrategiarekin", faxisten gorroto-mezuak murrizten joan dira pixkanaka, Alainen esanetan. Ohartarazi du, dena den, oraindik erabiltzaile ezezagunak Instagramen bera jarraitzen saiatzen direla, eta "urduri" daudela senideak: "Beldurrez daude ea helbideren bat edo ateratzen den. Erabiltzaile batek zioen, adibidez, 'Nik bere helbidea eta telefonoa ditut. Galdetu mezu pribatu bidez'. Horrek nolabait beldurtzen du. Hori bilatzen dute, zu faxismoaren aurrean kikiltzea".
Eigurenek uste du, hain zuzen ere, difamatzaileek bilatzen zutena "beldurra" eragitea zela. "Faxismoak horrela jokatzen du, beldurraren eta hertsapenaren bitartez. Azken finean, haiek oso beldurturik daude, eta haien ideiengatik beldurra sentitzen dutenez, beldurra sortu behar diete beste batzuei. Ikusten baitute beren ideiak zaborra direla", seinalatu du: "Faxistek seinalatzen dute eta gero Poliziaren edo Estatuaren egitura guztiaren zirrikituak erabiliz gure kontra egiten dute manifestazioetan, etxegabetzeetan eta abar. Poliziaren lagunak dira neurri handi batean, eta eurekin kolaboratzen dute". Horren aurrean, baina, sendotasunez hitz egin du Alainek: "Bilatzen zutena zen ni beldurtzea, ni atzera botatzea, eta militantzia oso bati jazartzea eta hura kriminalizatzea. Baina ez dute lortuko militantzia abertzale eta komunistari jazartzea".
Gazteak dio, dena den, lasaiago dagoela orain: "Lehenengo egunetan, banituen nire burkideen eta familiaren babesa, baina ez zen hain zabala, eta ez zegoen hainbesteko elkartasunik; kasua ez zen hain ezaguna. Gerora, joan dira elkartasun-mezuak agertzen". Jasotako babesak "harrotasun edo errespetuzko puntu bat" eta segurtasuna eman dizkiola dio, eta "oso harro" dagoela "militantziako kideez eta familiaz". Poza erakutsi du "ikusita Euskal Herrian oraindik badugula militantzia antifaxista, komunista eta abertzale hori". Eta gaineratu du: "Ez naute beldurtuko. Euskal Herritik ez dira pasatuko".