"Ekimenak gauzatzea zailduz eta auzoa geldiaraziz suntsitu nahi gaituzte", salatu dute gaur Errotxapeako Gaztetxeko kideek. Ohar bidez azaldu dutenez, "ebazpen administratiboen aitzakipean maletak egitera behartuz eta gure proiektua ezkutuan desalojatuz" etenarazi nahi dute duela ia hiru urte antolatzen eta eraikitzen hasitako proiektua. Hain zuzen, zenbait gaztek 2016ko irailean birjabetu zuten Artika kaleko lantegi zaharra, urte luzez hutsik egon zena.
Ordutik, auzolanean zaharberritu dute eraikina, "proiektu ezberdinak loratu ziren baso sendo bat errotu arte". Identifikazioak eta isunak azkar iritsi ziren, ordea, eta 2017ko maiatzean hasi zen asanbladako hiru kideren aurkako auzibidea. Gaztetxean ekitaldi publikoak egiteko traba ugari ere izan dituzte; urtarrilean, adibidez, bertso afari bat egitea debekatu zieten.
Guztiarekin ere, erasoen aurrean ekimenak antolatzen eta proiektua indartzen jarraituko dutela ziurtatu dute gaztetxeko kideek: "Ebazpenak ez du etengo gure garaipena".
Besteak beste, Euskal Herri osoko hainbat gaztetxek, Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sareak eta Gazte Koordinadora Sozialistak egin dute gaztetxea defendatzeko deia. "Saretzeak bakarrik salba gaitzake", dio Errakik.