ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Keir Starmer, erdian. FOTOGRAFÍA / Institute For Government
2025/03/03 10:37

Keir Starmer Britainia Handiko lehen ministroak atzo bildu zituen Europar Batasuneko hainbat agintari Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen inguruan, Londresen. Asmoa zen, antza denez, Ukrainako "gerrari amaiera emateko eta epe luzera egonkortasuna bermatzeko ekimen bat koordinatzea". Goi-bileran, Starmerrek iragarri zuen koalizio bat osatuko dutela Batasuneko hainbat herrialdek, ustezko bake-akordio bat babesteko. Horretaz gain, Ukrainarako finantza-laguntza pakete berri bat onartu dute, "aire-defentsarako" 5.000 misil baino gehiago erostea barne. Zelenski eta Donald Trump AEBetako presidentearen artean Washingtonen izan berri den liskarraren ostean izan da bilera, eta horrek ziurgabetasuna sortu du AEBek gatazkan duten rolaren inguruan.

Starmerrek azaldu duenez, Erresuma Batua izango da aipatutako ekimenaren buru, eta zenbait herrialdek planarekin bat egiteko asmoa agertu dute dagoeneko. Dena den, ez du xehetasunik eman nahi izan. "Hainbat herrialdek gaur adierazi dute prestatzen ari garen planaren parte izan nahi dutela", esan zuen atzo agintari britainiarrak. Telefonoz ere hitz egin omen zuen Trumpekin planaren inguruan eztabaidatzeko, baina ez zuen elkarrizketaren xehetasunik eman. Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azpimarratu zuen "beharrezkoa dela Europako estatuek defentsan gastua handitzea, eskualdeko segurtasuna indartzeko". Donald Tusk Poloniako lehen ministroak jarrera hori babestu zuen, eta "NATOren barruan Europak defentsan erantzukizun handiagoa hartzearen garrantzia" azpimarratu zuen.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak goi-bileran parte hartu zuen, baina ez zuen adierazpen publikorik egin. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, bere aliatuekin "bake justu eta iraunkorra" eraikitzeko lanean aritzeko asmoa azaldu zuen. RTVEk aipatutako gobernuko iturrien arabera, Espainiako Gobernua bat dator "irtenbide negoziatu bat" bultzatzeko asmoarekin, nahiz eta Starmerren planaren xehetasun zehatzei buruzko iritzia ematea ekidin duen. Europako buruzagien hurrengo bilkura ostegunean izango da Bruselan, eta Zelenski ere gonbidatu dute bertara.

NO HAY COMENTARIOS