ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/20 11:19

Ekainaren 6tik 9ra bitartean izango dira Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta, hori dela-eta, agerraldi bat egin du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Bertan azaldu du bere jarrera Europar Batasuneko bozei dagokienez: abstentziora deitu du, baita mobilizatzera ere, "lehen pausoa Europar Batasunari berari ezezkoa ematea" delakoan baitago.

"Europar Batasunak aurrera darama gerran eta austeritatean oinarritutako programa bat eta, horrek, bankari eta enpresari handien interesei erantzuten die", seinalatu du EHKSk. Uste du horrek berdin jarraituko duela ekainaren 9ko hauteskundeen ostean ere, eta ez dela "emaitzen arabera aldatuko". Iritzi dio, gainera, datozen bozek "Mendebaldeko oligarkien austeritate- eta gerra-agenda" hori "indartu eta legitimatu" besterik ez dutela egingo.

Agintarien eta boteredunen gerra

"Europako instituzioak, NATOren mandatuei jarraiki, Palestinako sarraskiaren erantzule zuzenak dira. Nahiz eta tartean behin Israelen gehiegikeriak salatu, estatu sionista legitimatu eta armaz hornitzen dute", seinalatu dute EHKSko Garazi Navarrok, Andrea Pebetek eta Peio Ormazabalek. Nabarmendu dute, dena den, gerra ez dela Palestinara mugatzen, eta "berrarmatzen" ari dela Europa. "Palestinan ikusten ari gara kapitalismoaren gaitasun suntsitzailearen aurpegi gordinena, baina, Europan ere, gerra baterako aukera gero eta posibleagoa da", xehatu dute.

Zentzu horretan, EHKSk gaitzetsi du gerrak "boteredunen interesetara egiten direla" eta "galtzaile nagusiak, beti, langileok garela". NATOk sustatutako berrarmatzeak "dagoeneko eragin negatiboak ditu langileon bizitzan", salatu duenez: "Gerra langileon poltsikoetatik ordaintzen denez, eskalada belikoaren txanponaren beste aldea bizitzaren garestitzea eta austeritatea dira". "Gure ezezko biribila ematen diogu Europaren berrarmatzeari", argitu du.

Faxismoari aurre?

EHKSk ohartarazi du, bestalde, aipatutako politika horiek guztiak berdin-berdin ari direla ezartzen "ezkerreko zein eskuineko gobernuak", nahiz eta "eskuin muturra gelditzeko botoa eskatzen digun sozialdemokraziak beste behin ere". EHKSk esan du, hala ere, sozialdemokrazia gobernuan denean ez diola "faxismoari aurre egiten"; "are gehiago, faxismoaren hazkuntzarako baldintza objektiboak jartzen dituzte".

"Faxismoari ez diogu aurre egingo Europako hauteskundeetan sozialdemokrazia bozkatuta, Europar Batasuna bera delako faxismoa bere interesen arabera erabiltzen duen instituzioetako bat; adibidez, etorkinen aurkako politikak sustatzeko", oroitarazi dute Navarrok, Pebetek eta Ormazabalek.

Ezintasuna eta potentzia

EHKSk aldarrikatu du, orokorrean,"langile-klasearen aurkako indar-korrelazio hori aldatzeko modua" ez datzala "bankari eta enpresari handien esanetara dagoen Europar Batasunean eragitean": "Kontrara, Europar Batasunari legitimazioa kendu eta langileon arteko nazioarteko elkartasuna antolatu behar dugu, komunean daukagun etsaiaren aurka; burgesiaren eta kapitalismoaren aurka".

"Europako aginte-instituzioek hainbat mekanismo dituzte [konstituzionalak, hautesleak, bankarioak, monetarioak, mediatikoak eta abar] erabaki garrantzitsu guztiak oligarkien interesen arabera har daitezen", izan du gogoan Mugimendu Sozialistaren antolakunde nagusiak. Hala, datozen hauteskundeak ere "boterea langileengana gerturatzeko" ezdeusak direla azpimarratuta, abstentzioa eskatzeaz gain, "mobilizatzeko eta borrokatzeko" deia egin du: "Hauteskunde hauek Mendebaldeko oligarkia indartzeko eta legitimatzeko daude eginda, eta guk miseria horri guztiari aurre egiteko hautua egiten dugu".

NO HAY COMENTARIOS