ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/07 14:46

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) deituta, mobilizazio jendetsu bat izan da gaur arratsaldean Donostian (Gipuzkoa), NATOri eta Europar Batasunari ezetz esateko. Europako hauteskundeen harira, abstentziora eta mobilizaziora deitu zuen EHKSk, eta horri lotuta antolatu zuen manifestazio bat gaurko, ekainaren 7rako, bozen atarian.

Manifestazioaren amaieran, EHKSko bozeramaile Garazi Navarrok eta Peio Ormazabalek nabarmendu dute "egiteko argi bat" daukatela bai NATOk bai Europar Batasunak: "Mendebaldeko oligarkien irabazi ekonomikoak bermatzea". Azaldu dutenez, "kapitalismoa sakoneko krisi-garai batean murgilduta dago, eta garai batez Mendebaldeko gizarteari erakutsi zion aurpegi polita zeharo ezkutatzen ari da".

Kapitalisten gerra

Berriz seinalatu dute "gerra eta austeritatea" daudela Mendebaldeko oligarkien "programaren erdigunean"; eta, beraz, baita Europar Batasunaren eta NATOren programaren erdigunean ere. "Mendebaldeko oligarkiek arazoak dituzte beren aurkari geopolitikoekin lehiakor izateko. Denbora da jada mundua kontrolpean izateari utzi ziotela, merkatu berrien eta potentzia berrien agerpenarekin", jarri du testuinguruan EHKSk: "Egoera horren eta baliabide falta nabarmen baten aurrean, Mendebaldeko agintariek hartu duten bidea berrarmatzea eta gerra izan dira".

Horren islatzat jo dituzte Ukrainako gerra edota Gazan eta Ekialde Hurbilean egiten dituzten sarraskiak. Hala, beste behin ere, elkartasun osoa adierazi diote palestinar herriaren erresistentziari. "Duintasunaren eredurik handiena zarete", esan dute bozeramaileek.

Langileon pobretzea

EHKSren esanetan, "aurrez aipaturiko guztiaren beste aldea" dira "austeritatea eta langileon pobretzea". Zentzu horretan, "hezkuntzan edo osasungintzan egiten ari diren murrizketak" aipatu dituzte, baita "oinarrizko produktuen zein, oro har, bizitzaren esparru guztien garestitzea" ere. "Gerra langileon poltsikoetatik finantzatzen ari dira, eta gerrara bideratutako dirua hezkuntzara edo osasungintzara bideratzeari uzten zaion berdina da", gaineratu dute.

Hauteskundeak, aurpegi zuriketarako

"Hau da Europar Batasunaren programa, eta ekainaren 9ko hauteskundeetan sortzen diren gehiengoak edozein direla ere, berdin-berdin ezarriko dute", ohartarazi dute: "Dena lotuta daukate, eta hauteskunde hauek aurpegi zuriketarako eta aipaturiko bide-orria legitimatzeko ariketa bat baino ez dira".

EHKSk azpimarratu du, bestalde, sozialdemokrazia dela "programa horren sustatzaile nagusietako bat" Europan, eta ezin zaizkiola "faxismoari ateak itxi Europar Batasuneko hauteskundeetan botoa emanda". Hori guztia arrazoitu dute bozeramaileek: "Hauteskunde kanpainetako itxurakeria guztia aparte utzita, azken hamarkadetan gobernu sozialdemokratak izan dira lehenengoak neurri neoliberalak ezartzen, murrizketak egiten, langileon aurkako errepresioa gauzatzen edo berrarmatzeari babesa ematen".

Gainera, sozialdemokraziak "faxismoari ateak ireki" dizkiola oroitarazi dute, ahaztu gabe "Europar Batasuneko agintariak beraiek" direla eskuin muturrekoak. "Zer da ba eskuin muturra gerra, etorkinen aurkako politikak, genozidioa, langileon aurkako errepresioa edo murrizketak ez badira?", galdegin dute: "Hori guztia badago jada Europar Batasunean, agintzen duenak agintzen duela".

Langile-internazionalismoa

"Gure hautua, komuniston hautua, honakoa da: elkartasunarena eta internazionalismoarena", aldarrikatu du EHKSk. Eta aldarri hori zehaztu du: "Elkartasuna palestinar herriarekin, egun hauetan egindako kanpaldiarekin aditzera eman dugun moduan. Eta internazionalismoa, ezinbestekoa delako beraien lurralde-maila berdinean baina independenteki antolatuko den indar bat eratzea, Europar Batasunari, NATOri eta bere politikei aurre egin nahi badiegu".

Mugimendu Sozialistak berriz azaldu du ez duela "igande honetako aurpegi zuriketan parte hartuko", egun horretan izango diren Europako hauteskundeei erreferentzia eginda.

NO HAY COMENTARIOS