Joan den azaroan Gasteizen (Araba) aurkeztu zuten Etxebizitza Sindikatuak, gaurkoan, adierazpen bat atera du Poliziaren jazarpena salatzeko. Adierazi dutenez, aurreko astean, "komunitatearen zerbitzura egongo den espazio bat" atontzeko auzolanean ari zirela, Gasteizko Udaltzaingoa lokalean sartu zen. "Paperik" gabeko kideak identifikatu zituzten udaltzainek, eta Atzerritartasun Sailera deitzearekin mehatxatu zituzten. "Klase antolakuntzaren" zein etorkinen kontrako "jazarpen sistematikoak" "harritzen" ez dituen arren, bi auzi nabarmendu dituzte Etxebizitza Sindikatuko kideek.
Batetik, Gasteizko Udaltzaingoak "paperik" ez duten etorkinak deportatzeko duen jardun aktiboa salatu dute. Bestetik, aldarrikatu dute "autodefentsa proletarioa dela jazarpen polizialaren aurkako armarik eraginkorrena".
Momentuko erantzuna "espontaneoa" izan bazen ere, hori "antolatu eta
klase defentsarako tresna eraginkor bilakatu" beharra dagoela adierazi
dute. Hori elikatzera bidean, Telegram kanal bat (@etxebizitzasindikatua) jarri dute martxan;
alertak, irizpideak eta bestelako deialdiak zabaltzeko.