ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / The Objective
2024/11/15 09:03

Espainiako Diputatuen Kongresuak atzo onartu zuen Prozedura Kriminalaren Legea (LECrim, gazteleraz) aldatzea, eta gaia Senatura eraman du jadanik. Atzo hitzartutako aldaketak orotariko desalojoak azkartzea ahalbidetuko du, "bortxatzearen bidezko okupazioa" izan dela ebazten bada. Hortaz, okupatutako etxebizitzak eta espazioak are bizkorrago husteko lege-esparrua prest dute dagoeneko Espainiako Estatuan.

EAJk proposatu zuen neurria emendakin baten bidez, baina, orain arte, atzera bota dute proposamena bai ponentzian bai Justizia Batzordean. Atzo, ordea, ontzat eman zuten Diputatuen Kongresuaren osoko bilkuran, koalizio-gobernuko talde gehienek ezetz bozkatu arren. Izan ere, desalojoak bizkortzeko neurriaren alde egin zuten PP, UPN, CC, ERC eta Junts alderdiek, baita EH Bilduk ere. Horrekin, aski izan zen etxegabetzeak errazteko neurria onartzeko.

EH Bilduk barkamena eskatu zuen gero, argudiatuta "hutsegitez" bozkatu zuela jeltzaleen emendakinaren alde. "Mezu honekin ez dugu gure akatsa justifikatu edo desenkusatu nahi, baizik eta urte hauetan guztietan etxebizitzaren arloan defendatutakoarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu", esan zuen.

Kongresuan bide egin diote LECrim-eko 795.1 artikulua aldatzeari, "bizilekua usurpatzeari" (245. artikulua zigor-kodean) eta "bizilekua bortxatzeari" (202. artikulua zigor-kodean) lotutako delituak azkarrago tramita daitezen: prozedura judizialetako formula laburtua aplikatuko zaie. Horrek epaiketa eta epaileen ebazpena bizkortuko ditu, baita ebazpenean etor daitekeen huste-agindua ere.

NO HAY COMENTARIOS