Iruñeko (Nafarroa) Udaltzaingoak, Espainiako Poliziarekin elkarlanean, zortzi pertsona atxilotu ditu aurreko igandetik, joan den San Fermin eguneko prozesioan sortu ziren istiluak direla-eta. Atxilotuetako bati, 40 urteko iruindar bat, udaltzain bati ukabilkada bat ematea egotzi diote; sudurra hautsi omen zion. Epaileak hura kartzelaratzea erabaki du, behin-behinean eta bermerik gabe. Gorroto-delitu bat leporatu dio, baita autoritatearen kontrako atentatua egitea eta desordena publikoak eragitea ere.
Atxilotuetako hiru atzo goizean geratu ziren aske, eta arratsaldean igaro ziren epailearen aurretik beste lau pertsona. Haiek ere aske utzi zituzten, baina karguekin: gorroto-delitu bat, autoritatearen aurkako atentatua egitea eta desordena publikoak eragitea egotzi diete haiei ere. Auzitegian aurkeztu beharko dira astean behin.