AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twitterretik ateratakoa
2022/07/11 08:47

Prentsaurreko bat eman zuten igande goizean Iruñeko (Nafarroa) alkate Enrique Maiak eta Iruñeko Udaltzaingoko buru Javier Goyak, eta orduan jakinarazi zuten 40 urteko gizon bat atxilotu zutela San Fermin eguneko prozesioan izan ziren istiluekin lotuta. Udaltzainek eta Espainiako Poliziak elkarlanean egindako operazio bat izan zen.

Uztailaren 7an udal ordezkariek ere parte hartu zuten prozesioan, udaltzainek babestuta; aurten, baina, "Espainiako beste herrietatik etorritako agenteak" batu dira Udaltzaingora. Ohi bezala, prozesiora hurbildu eta protesta egin zuen jende andanak, eta istiluak piztu ziren Curia kalean. Protestan zeudenen kontra oldartu ziren poliziak, eta ukabilkadak eta bultzakadak izan ziren. Polizia bat zauritu zela ere jakinarazi zuten udaltzainek eta udalak, eta sudurretik odola zeriola ikusten zen irudiak zabaldu zituzten.

Maiak agerraldian esan zuen atxilotutako gizon horrek eman ziola ukabilkada bat zauritutako udaltzainari, eta sudurra hautsi ziola. Hiru delitu egotzi dizkiote: autoritatearen aurkako atentatua egitea, lesioak eragitea eta desordena publikoak eragitea. Alkateak gaineratu zuen "talde antolatu bat" dagoela Curian gertatutakoaren atzean, eta herri akusazio gisara aurkeztuko da prozesu judizialean.

Agerraldiaren ostean, arratsaldean, beste bi atxiloketaren berri eman zuten hedabideek; beste bi gizon atxilotu zituzten Curiako istiluen harira. Atzo, bestalde, beste bost pertsona eraman zituzten atxilo egunean zehar. Guztira izan diren zortzi atxiloketak baieztatu ditu udalak, eta desordena publikoak eragitea nahiz autoritatearen kontrako atentatua egitea leporatzen diete guztiei. Gutxienez lau dira iruindarrak, eta bat tarragonarra.

Curian grabatutako bideoak eta ateratako argazkiak begiratuta identifikatu omen dituzte guztiak. Udalak, gainera, ohartarazi du atxiloketa gehiago egon daitezkeela. Polizia-operazioa bukatzean igaroko dira guztiak epailearen aurretik.

Adierazpen baten bidez, Curian gertatutakoa "Ezker Abertzalearen aldetik kutsu faxista duen erasotzat" eta "Navarra Sumako eta PSNko zinegotzien aurkako lintxamendutzat" jo zuen udalak. Adierazpenaren alde bozkatu zuten Navarra Sumak eta PSNk, aurka Geroa Baik, eta abstenitu egin zen EH Bildu. Dena den, ohar batean "deitoratu" zituen Curiako protestak eta istiluak, eta nabarmendu zuen "erasoak" ezin direla "inola ere justifikatu". Joseba Asiron alkate ohiak (EH Bildu) "elkartasun osoa" eman zion zauritutako udaltzainari.

EZ DAGO IRUZKINIK