Joan den otsailean epaitu zuten Iratxe Sorzabal preso politikoa Espainiako Estatuan, iazko urrian Frantziako Estatutik estraditatu ostean; 1996an ETAren bi ekintzatan parte hartzea leporatzen diote. Sorzabalen tortura salaketei entzungor egin eta beste 24 urte eta erdiko zigor bat jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina epaiaren kontrako helegite bat aurkeztu zuen defentsak. Bitartean, Frantziako justizia administrazioak ezarritako zigorra betetzen jarraitu du preso politikoak, Reauko kartzelan; osorik bete berri du zigor hori, eta beraz, aurreko ostiralean Espainiaratu zuten Frantziako Estatutik.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiari jarritako helegitea ebatzi bitartean Sorzabal aske geratzea eskatu zuten bere abokatuek, baina ez dute eskaera hori onartu: berriki jakinarazi dute behin-behineko espetxealdia luzatu diotela eta, hala, kartzelan jarraitu beharko duela Espainiaratua izan ostean. Ikusteke dago otsailean jarritako 24 urte eta erdiko zigorra bere horretan mantenduko duen auzitegiak, edo ez.
Sorzabal 2001ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta torturatu egin zuen atxiloaldian. Gerora, 2015ean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta han espetxeratu zuten.