ACTUALIDAD / Violencia machista
Espainiako Poliziako buruak bortxatutako emakumearen nortasuna filtratu dute poliziek
Jose Angel Gonzalezek bortxatu zuela salatu du berriki emakumezko agente batek, eta polizien Whatsapp taldeetan zabaldu dituzte bai biktimaren nortasuna bai kereilaren testua. Polizia eta biolentzia matxista lotzen dituzten hamabi kasu argitaratu dituzte hiru hilabetean Espainiako Estatuan.
2026eko otsailaren 20
Espainiako Poliziako buruak bortxatutako emakumearen nortasuna filtratu dute poliziek
— ARGAZKIA La Moncloa

Espainiako Poliziako operazio-buruak (DAO), Jose Angel Gonzalezek, emakumezko agente bat bortxatu zuen iazko apirilean. Biktimaren abokatuak atzo jakinarazi zuenez, salaketa argitara ateratzearekin batera, biktima nor den zabaldu dute polizia-agentez osatutako hamaika Whatsapp taldetan, eta defentsak aurkeztutako kereilaren testua ere bidali dute talde horietara. Jorge Piedrafita abokatuaren esanak jaso ditu El Salto-k: "Oso egoera gogorra da; hau jakin denetik, Poliziaren talde guztietan zabaldu da bere [biktimaren] nortasuna".

Madrilgo Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko 8. Epaitegiak asteartean deitu zuen deklaratzera Gonzalez: martxoaren 17an egingo du deklarazioa, iaz emakume bat bortxatu izanari lotuta. Sexu-eraso delitu batengatik ikertuko dute batik bat, "penetrazioa", "koakzioak", "lesio psikikoak" eta "ondasun publikoak bidegabe erabiltzea" tartean.

Whatsapp taldeetako filtrazioa ez da biktimak Poliziarengandik jasandako jazarpen bakarra, Gonzalezek bortxatu zuenetik: polizia-buruaren ingurukoek "koakzio-kanpaina bat, presio psikologikoa eta telefono bidezko jazarpena" abiatu zituzten emakumearen kontra, kereilan seinalatzen denez. Oscar San Juan Gonzalezek, operazio-buruaren "eskuineko eskuak", lanerako helmuga aukeratu ahal izatea eskaini zion, bortxaketa isilpean mantentzearen truke. Iazko uztailetik dago bajan biktima.

Azken hiru hilabeteetan, polizia-indarrak eta biolentzia matxista lotzen dituzten gutxienez hamabi kasu atera dira argitara Espainiako Estatuko prentsan. Espainiako Barne Ministerioak esan du ez zuela Gonzalezek egindako erasoaren berri, baina ez du argitzen zenbat erasotzaile matxista dauden polizia-indarren artean, edo zenbat indarkeria kasu ezagutzen diren.