ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/23 08:09

PSOE buru duen Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk akordio berria egin dute etxebizitzaren alorrean "ezkutu soziala" deiturikoa luzatzeari buruz, eta "etxegabetzeen aurrean familia ahulak blindatzeko urrats historiko" gisa iragarri dute hori. "Ezkutu" deiturikoak "debekua" eta "babesa" aipatzen ditu, baina errealitateko gertakariek erakusten dute ezkutu hori, neurri handi batean, apaindura juridiko bat dela, eta ez dituela geldiarazten desalojo masiboak eta higiezinen merkatuaren egiturazko indarkeria.

Bilboko Erriberako Lancor pabiloian, Donostiako Agustindarren eskolan edo Badalonako B9an izandako makroetxegabetzeen kasuan, non muturreko egoeran dauden ehunka pertsona eraikin batzuetatik kanporatuak izan diren inolako bizitoki-alternatibarik gabe; edo epaitegiek beraiek moratoria ezartzeko ematen dituzten ezezko etengabeekin, berriki Burlatako andre bati gertatu zaion modura, agerian geratzen da ez dagoela etxegabetzeen aurkako "debekurik", mezu triunfalistetatik harago.

Akordioak formula ezagunak errepikatzen ditu: kaleratzeak etetea "kasu jakin batzuetan"; eta hori guztia, gainera, kalteberatasun-txostenen baldintzapean, gizarte-zerbitzuekin hitz eginez eta, teorian, alternatibak eskaintzeko betebeharrarekin. Paperean idatzita, horrek bermeak ematen dituela dirudi; baina, praktikan, kaleratze bati aurre egin behar diotenek labirinto burokratiko batekin egiten dute topo. Eskakizunak, ezinezko epeak eta hamaika administrazio aurkitzen dituzte parez pare, eta etxegabetzeek ez dute etenik.

Zorrotzaurrekoa eta Martutenekoa muturreko adibideak dira, baina paradigmatikoak: polizia-indarren dispositibo erraldoi batek gauzatu ditu bi desalojo masibo horiek, "ezkutu sozialak" indarrean jarraitzen duen bitartean. Horrek erakusten du neurriak ez dituela babesten azpietxebizitzetan edo egoera irregularrean dauden pertsonak, nahiz eta sarri horiek izan, hain zuzen ere, egoera zaurgarrienean daudenak.

Egunean hiru etxegabetze Euskal Herrian

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (CGPJ gazteleraz) arabera, 2025eko lehen hiruhilekoan 7.334 etxegabetze judizial gauzatu zituzten Espainiako Estatuan. Horietatik 5.644 Hiri Errentamenduen Legearen araberako alokairua ez ordaintzeagatik (urtetik urtera +%3,7) izan ziren, eta 1.189, berriz, hipoteka-betearazpenengatik.

2025eko bigarren hiruhilekoan, gutxienez 6.960 etxegabetze judizial erregistratu zituen CGPJk, hau da, egunean 76 eta hilean 2.320 inguru, nahiz eta "ezkutu soziala" indarrean egon. Hipotekak Kaltetutakoen Plataformek (PAH gazteleraz) ohartarazi dutenez, batez beste 112 etxegabetze gauzatu dituzte egunean aldi horretan.

2025eko hirugarren hiruhilekora arteko datuekin (lehen hiruhilekoa: 7.334; bigarrena: 6.960; hirugarrena: 5.053), guztira 20.000 etxegabetze baino gehiago zenbatzen dira, eta urte osorako proiekzio errealista 28.000 ingurukoa litzateke, nahiz eta oraindik ez dagoen behin betiko zifra ofizialik. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriki salatu duenez, Euskal Herrian, egunean hiru etxe-kaleratze gauzatzen dituzte batez beste.

NO HAY COMENTARIOS