Beste erailketa matxista baten berri eman zuten atzo Euskal Herrian. Zarautzen (Gipuzkoa) izan da oraingoan: 53 urteko andre bat itota hil du 47 urteko gizonezko batek. Zarauzko Indamendi kaleko etxebizitza batean aurkitu zuten biktima asteazken gauean, eta zenbait komunikabideren arabera, orduak zeramatzan hilik abisua eman zutenean. Badirudi hiltzaileak berak eman zuela abisua.
Erailketa matxista salatzeko, mobilizatzera deitu dute Euskal Herri osoan, tartean, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Zarautzen bertan, Itaiak herriko beste kolektibo batzuekin batera antolatu du manifestazio bat gaur arratsalderako: 19:15ean abiatuko da udaletxe aurretik.
Bestalde, Itaiak protestak egingo ditu, besteak beste, Altsasun (Nafarroa), Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia), Iruñean (Nafarroa), Legazpin (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa) eta Zestoan (Gipuzkoa).