ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/10 13:45

Erraki Langileon Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak azaroan jarri zuen martxan "okupazioaren aurkako ofentsiba integrala" salatzeko kanpaina politikoa. Ofentsiba horrek barne hartzen dituen hiru dimentsio jarri zituen jo-puntuan, hala: batez ere "masa komunikabideen" bidez gauzatzen ari den "okupazioaren kriminalizazioa"; "okupazioaren aurkako esku-hartze zuzenak" desokupazio enpresen eskutik; eta "okupazioaren aurkako ofentsiba juridikoa", zenbait alderdi politikok egindako lege proposamenek islatzen dutena.

Kanpaina politiko horren barruan, Errakik mobilizaziora deitu zuen gaurko Donostian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa). 12:00etan hasi dira bi manifestazioak, Anoeta aurretik bata, eta Iruñeko autobus geltoki zaharretik bestea. Ehunka pertsonak salatu dute "okupazioaren aurkako ofentsiba" karriketan, eta "espazioen gaineko langile kontrola" izan dute aldarri.

Polizia-indarrek bi lagun identifikatu dituzte Iruñeko manifestazioan, eta isuna jarri diete.

OFENTSIBAREN ONDORIOAK

"Gizarteko arlo guztietan eragin zuzena duen krisi bat bizi" dugula adierazi dute gaurkoan Errakiko kideek, eta azpimarratu dute "ofentsiba burges orokorraren parte" dela "okupazioaren aurkako ofentsiba" ere, "proletalgoak sistema kapitalistarekiko duen mendekotasuna areagotzea" duena helburutzat.

"Okupazioaren aurkako ilegalizazio saiakera bat" martxan dela azaldu dute mobilizazioaren amaieran, "eta aurre egiten ez bazaio, proletalgoaren sektore zabaletan eta mugimendu iraultzaile antolatuan ondorio ikaragarriak" izan ditzakeela horrek.

Adibide modura aipatu dute, besteak beste, "etxebizitzara sarbidean" izan dezakeen eragina. "Beste inolako aukerarik ez duten sektore kolpatuenetan, okupazioa baliabide gero eta ohikoagoa da. Horrenbestez, etxebizitzara sarbidea bermatzeko aukera bat gehiago ixten zaio proletalgoari, ostiko batez hutsik dagoen etxe batean sartzeagatik kartzelara joan daiteke eta".

Bestetik, aipatutako ofentsibak "gune sozial, politiko eta kulturalentzat" dakarren arriskua ere izan dute gogoan. "Proletalgo iraultzailearentzat Langile Kontrolpeko Espazioak politika egiteko edota bestelako ekimen sozial eta kulturalak burutzeko ezinbesteko baldintza dira eta, beraz, asko dago jokoan okupazioaren aurkako ofentsiba horretan". Hain zuzen, ohartarazi dute "proletalgoaren politika independentearen bideragarritasuna" dela "auzitan" dagoena.

DEFENTSA ANTOLATZEKO BEHARRA

"Hemendik aurrera, inoiz baino zailagoa izango da gaztetxeak, zentro sozialak edo etxebizitza okupatuak irekitzea; inoiz baino zailagoa jabeen, Poliziaren edo Desokupa bezalako faxisten erasoetatik gure burua babestea; inoiz baino zailagoa Langile Kontrolpeko Espazioen zilegitasun soziala handitzea", dio Errakik.

Horren aurrean, nabarmendu du "inoiz baino beharrezkoagoa" dela "gure burua defendatzeko gaitasuna lortzea, erasoetatik babesteko elkartasuna ondo antolatzea, egunez egun gure kontrolpeko espazioen beharrezkotasuna eta zilegitasuna gizarteratzeko lan egitea eta, funtsean, Langile Kontrolpeko Espazioen defentsa antolatzeko eredu eraginkorrak aurkitzea".

HAMAIKA ERASO

Manifestazioaren amaieran, Errakiko kideek aipamen berezia egin diete desalojoa geratzea lortu duen Errekaldeko (Bilbo, Bizkaia) Etxarri gaztetxeari eta Kontseilu Sozialista Deba Bailarak Bergaran (Gipuzkoa) birjabetu berri duen Zubitxako Eskolari.

Bestalde, hustu berri duten Laudioko Gaztetxea (Araba) izan dute gogoan, baita desalojo arriskuan dauden beste hamaika Langile Kontrolpeko Espazio ere: biharkoan epaiketa izango duen Errotxapeako Gaztetxea (Iruñerria, Nafarroa), Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotela, Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxea, Igorreko (Bizkaia) Kiñu gaztetxea, Bilboko (Bizkaia) San Inazio auzoko Errondoko Auzo Etxea, Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak okupatutako etxebizitza blokea...