AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/11/27 14:52

"Aurreko krisialditik hona okupazioaren gaineko kriminalizazioa etengabea izan bada ere, joera horren intentsitatea nabarmen igo da 2020 honetan, batez ere, pandemiaren testuinguruan", adierazi du Errakik. Esku-hartze hori ahalbidetzen duten hiru eremuri egin die azpimarra, "okupazioaren praktikaren kontrako ofentsiba integral baten aurrean gaudela" ondorioztatzeko.

Batetik, "okupazioaren gaineko kriminalizazioa" seinalatu du; alegia, "okupazioaren praktikaren gainean iritzi negatiboa sortzeko egin den intentsitate altuko kanpaina komunikatiboa". Errakiren esanetan, "masa komunikabideen bitartez auziaren gaineko eztabaida emateko markoa definituz", "jabetza pribatuaren printzipio klasista legitimatzeko lan ideologikoa" egiten du aginte kapitalistak, era berean, "proletalgoaren aurkako iritzi orokor bat sortuz".

"Okupazioaren aurkako esku-hartze zuzenari" lotuta, "jabetza pribatuaren printzipio klasista defendatzeko sortu diren indar parapolizialak" nabarmendu ditu bigarrenik. "Legediaren anbiguotasuna probestuz, espazio husteak indarrez eta modu azkar batean egiteko enpresa ugari sortu dira, agian ezagunena Desokupa enpresa dugu", azaldu du Errakik. Horien helburua, norbanako proletarioak etxegabetzeaz gain, "orokorrean, proletalgoa intimidatzea" dela dio.

Azkenik, "okupazioaren aurkako ofentsiba juridikoari" jarri dio arreta Babes Sareak, "okupazioaren praktika modu askoz ere gogorrago eta azkarrago batean penalizatzeko ematen ari den saiakera multzoari" erreferentzia eginez. Espainiako Kongresuan jaso diren lege proposamenak aipatu ditu adibide modura; esaterako, kartzela zigorren gogortzea edota berehalako husteen baimentzea.

LANGILE KONTROLAREN ILEGALIZAZIOA

"Okupazioaren aurkako ofentsiba integralaren" helburua "espazioen gaineko langile kontrolaren ilegalizazioa" dela adierazi du Errakik. Modu horretan, alde batetik, "proletalgoak etxebizitza bat izateko dituen aukerak murrizten" direla ohartarazi du: "Alokairu edo hipoteken zein etxebizitzaren ekipamendu minimoaren ordainketek kostu handia dute, askotan, proletalgoak bere gain hartu ezin dituenak. Okupazioa ohikoa den errekurtsoa izan da zentzu horretan".

Gainera, bestetik, "proletalgoak lan politikoa egiteko dituen aukerak murrizten" direla azpimarratu du, "langileriaren espektro zaurgarrienaren berezko interesen defentsan sortzen diren egitasmo politikoen aterpe" direlako "langile kontrolpeko espazio ugari". "Espazioen gaineko langile kontrolaren ilegalizazioak proletalgoaren autonomia politikoaren murriztea esan nahi du, erreakzio ahalmen objektiboa gutxitzea", azpimarratu du.

DEFENTSARAKO HAUTUA

Aipatutako ofentsibaren aurrean langile kontrolpeko espazioak "are indar gehiagoz defendatzeko hautua" berretsi du Errakik. Dena den, argitu du "proletalgoaren espazioen erabilerarako eskubide unibertsalaren gauzapena soilik proletargoak berak zuzenduriko antolakuntza politikoz lor daitekeela, lurraldearen gaineko langile kontrol antolatuaren, hau da, Euskal Estatu Sozialistaren gauzapenaren bitartez".

Hala, kanpaina politiko berria martxan du jada, "proletalgoaren antolakuntza independentearen optikatik aginte kapitalistak ezarri nahi dizkigun neurrien aurka eta gure eskubide unibertsalen alde lan egiteko". "Okupazioaren kontrako ofentsibaren aurrean", "espazioen gaineko langile kontrola" aldarrikatu du Errakik.

EZ DAGO IRUZKINIK