ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/12 09:40

Atzo Azpeitian (Gipuzkoa) egin zuen agerraldi bat Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), "Espainiako 78ko erregimen burgesaren aurrean, langileon haustura politikoa" erreibindikatuko duela azaltzeko. Horri loturik, hainbat hitzordu ipini ditu jada, Gudari Egunerako eta Espainiako Konstituzioaren Egunerako.

"Milaka izan dira sozialismoaren alde, Euskal Herriaren askatasunaren alde eta frankismoaren aurka borrokatu duten militanteak, eta horiek omentzea lehen mailako egitekoa da komunistentzat", adierazi zuen atzo Peio Ormazabal EHKSko bozeramaileak. Seinalatu zuen "78ko erregimena frankismoarekin jarraikortasunean eratu den erregimen bat" dela, "burgesiaren boterea bermatzen" duela eta "borondate nazionalak ukatzen eta zapalkuntzak betikotzen" dituela.

Ormazabalek gogorarazi zuen, gainera, "Francok ezarritako monarkia eta alderdi nagusiak, PP eta PSOE, horren guztiaren ezinbesteko euskarri izan direla"; eta alderdi horiexek, "EAJrekin batera, Txiki eta Otaegiren omenezko propagandaren aurka izandako jarrera" gaitzetsi zuen.

Ekitaldi politikoa Zarautzen, Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren 50. urteurrenean

Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak irailaren 27rako jarri du lehenengo hitzordua; Gudari Egunerako, alegia. Aurten beteko dira 50 urte Juan Paredes Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi azpeitiarra erail zituztenetik, erregimen frankistako azken fusilamenduetan. Horren harira, Zarautzen (Gipuzkoa) antolatu du ekitaldi politiko bat EHKSk: 13:30ean izango da, Munoan, Atzo eta gaur faxismoaren aurka lelopean.

Garazi Navarro bozeramailearen esanetan, "komunisten eta ondorengo belaunaldien beharra da omentzea klase sozialik gabeko eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten aldekoen borroka". "Bai atzo eta baita gaur ere, langileontzat faxismoari aurre egitea ezinbesteko zeregina da", gaineratu zuen. Ideia horrekin omenduko dituzte Txiki eta Otaegi hilaren 27an, eta "faxismoaren aurka eta hori elikatzen duten instituzioen aurka borrokatzera" deituko dute.

Abenduaren 6an Durangon, langileen haustura politikoaren alde

Horrez gain, abenduaren 6a ere markatu du gorriz EHKSk: Espainiako Konstituzioaren Egunean, Durangon (Bizkaia) mobilizatzera deitu du, langileen haustura politikoa aldarrikatzeko. Aurrerago emango du deialdi zehatzaren berri.

"Faxismoa, iraganeko kontu bat izatetik urrun, egungo krisi-testuinguruan tokia egiten ari da, alderdi tradizionalen ezintasunetik indartu eta bere burua alternatiba apurtzaile bezala aurkeztea lortzen ari delako. Bien bitartean, antifaxismoa PSOEren gobernua babestearekin parekatzeak faxismoaren aurkako posizioak ahultzen ditu", zioen atzoko agerraldian Ane Ibarzabal eledunak. Salatu zuen, bestalde, "Espainiako Estatua nazioen autodeterminazioen erabat aurkakoa" dela eta "EAJ, EH Bildu eta PSOE adosten ari diren estatutu berria iruzur autonomiko berri bat baino ez dela".

NO HAY COMENTARIOS