Atzo aurkeztu zuten LPS Honi Ez! dinamika Bilbon (Bizkaia). Izan ere, ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzak "berandu baino lehen" emango duela ontzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS), eta horri ezetz esateko eta aurre egiteko batu dituzte indarrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lurraren defentsan jarduten duten hamaika plataformak, kolektibok eta lagunek. Eta aurreneko urrats bat markatu dute jada: "LPS hau onartu bezain pronto", epaitegietara joko dute bere kontra.
LPS Honi Ez! dinamikatik ohartarazi dutenez, planak "eskala handiko parke eoliko eta fotovoltaikoen hedapen masiboa bultzatzen" du, eta "horrek mendi-gainen eta landa-eremuen suntsiketa ekarriko du". "Planak ez ditu herritarren ongizatea eta ingurumenaren babesa bermatzen, baizik eta energia berriztagarrien negozioarekin irabaziak lortzen dituzten enpresa handien interesak lehenesten ditu", salatu dutenez. Dena den, uste dute "gure lurraldeak gutxi batzuen interes ekonomikoen eta espekulazioaren menpe egotea" ez dela "berria", eta badirudiela ildo beretik doala LPS, "ateak zabalik" uzten dizkielako "enpresa energetiko handiei", haien "interes espekulatiboetarako".
Gainera, Jaurlaritzak plana "aldakera klimatikoaren aurkako neurri gisa" saltzen badu ere, "edukiek erakusten dute ez dagoela benetako borondaterik krisi ekologikoari eta klimatikoari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzeko", atzoko aurkezpen-agerraldian seinalatu zuten modura. "Berriztagarrien hedapen masiboak ez du zalantzan jartzen gaur egungo kontsumo-eredua, eta energiaren eskaera gero eta handiagoaren logikan kokatzen da", zioten. Eta hori gutxi balitz, LPS diseinatzeko eta onartzeko prozesuaren "izaera antidemokratikoa" nabarmendu zuten, gobernuak entzungor egin dielako planaren kontrako 4.000 bat alegazioei nahiz "erakunde zientifikoen irizpideei".
LPSren aurkako borroka
LPS Honi Ez!-ek aldarrikatu du "bi helburu nagusi" izan beharko lituzkeela lurraldearen antolaketak: "balio ekosistemiko, kultural eta sinboliko handiko eremuak babestea", batetik, eta "guztion ongizate kolektiboa hobetzeko baldintzak sortzea", bestetik. "Interes espekulatiboetan oinarritutako diseinu enpresarial baten ordez, interes ekologiko eta sozialetan oinarritutako planifikazioa behar da".
Beharrezkotzat jo dute, beraz, EAEko LPSren aurka borroka egitea eta "herritarren interesak defendatzea". "Helburua argia da: plana auzitara eramatea eta auziaren salaketa kalera eramatea modu zabal eta bateratuan", zehaztu dute.
40 bat kolektibo elkartu dira LPS Honi Ez! dinamikan, hain zuzen ere: Agrupación Electoral Ribera Baja Bizirik, AHTrik Ez Arabako Haranak, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Amasamendi Bizirik, Araba Bizirik, Arabako Errioxa Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Argantzun Horrela Ez, Asociación Vecinal Larreineta Funicular (Trapaga), Barakaldo Eolikorik Ez, Barakaldo Naturala, Baserritar Bilgunea, Biharko Lautada, CGT Araba, Eguzki Talde Ekologista, Ekologistak Martxan, Enkarterri Bizirik, Enkarterrin Makroeolikorik Ez, Errezil Bizirik, Euskal Herria Bizirik, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, Horrela Ez Badaiotz, Horrela ez Valdegovia, Junta Administrativa de Arzubiaga, Junta Administrativa de Durana, Junta Administrativa de Margarita, Makatzak Arratiako Ekologista, Naturkon, Otsoaren Taldea, Proiektu Honi Ez (Arratzua-Ubarrundia), Sañu Bizirik, Sagarreta Natur Taldea, SOS Margarita, Uribeko Mendiak Jagon (Sosollube), Urkabustaiz Babestuz, Urumeako Mendiak Bizirik, Zalla Bai eta Zuia Bidean.