ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/15 18:19

Durangoko (Bizkaia) Gaztetxean irekiera-ekimen batzuk antolatu zituzten asteburu honetarako: jolasak, pintxo-potea, abesti-irakurketa bat... Poliziak, baina, ekimen horiek egitea galarazi zuen atzo arratsaldean, Gaztetxera bertaratu eta legez kontrako sarbide-kontrol bat jarri baitzuen, barruan hainbat gazte zeudela. Udal-gobernuarekin harremanetan jarri ziren Gaztetxeko kideak, baina berriz berretsi zuen espazioa husteko asmoa zuela.

Iluntzean, hala, ehunka lagun hurbildu ziren Gaztetxe aurrera, espazioa defendatzeko. Udaltzainek eta ertzainek sarbide poliziala mantendu zuten, eta protesta egiten ari zirenen aurka oldartu zen Polizia: kargatu egin zuen, eta, besteak beste, Ertzaintzak foam jaurtigaiak erabili zituen gazteen kontra. Hainbat zauritu zituen. Hala ere, goizaldera arte defendatu zuten Gaztetxea ehunka pertsonak.

Desalojoa gaur goizean

Kaletik Gaztetxera asanbladak jakinarazi duenez, Poliziak "mehatxu eta jazarpenaren bitartez" lortu zuen eraikin barruan zeuden gazteak bertatik irtetea, eta, gero, gau osoan zehar mantendu zuen bertan legez kontrako sarbide-kontrola. Agindu judizialik gabe hustu dute tokia gaur goizean, modu ilegalean aldatu baitu sarraila sarrailagile batek. "Espazioa galdu dugu", azaldu du asanbladak.

Udalaren gezurrak

"Udalak errelato faltsu bat saldu nahi dio herriari: gazteak beraien borondatez irten direla dialogoarekin jarraitzeko", salatu dute asanbladako kideek. Benetako egoera "guztiz bestelakoa" dela diote, ordea, Gaztetxearen desalojoa udalak agindutako indarkeria polizialaren bidez gauzatu baita. "Udalarentzat borondatea eta dialogoa dira salaketak, isunak, mehatxuak, jipoiak eta foam pilotak", gaineratu dute. Erantzule zuzentzat jo dituzte bai Durangoko Udala bai alkatea, Mireia Elkoroiribe.

Kaletik Gaztetxera asanbladak asteartean esan zuen bi kide salatu zituela alkateak, Gaztetxe berriaren irekiera zela-eta. Udalak uko egin dio gazteekin negoziatzeari, zuzenean jo baitu espazioaren desalojora. Asteartean bertan, beraz, hainbat exijentzia egin zizkioten: "Gaztetxeko presentzia polizialarekin amaitzea, asanbladakideei jarritako salaketak atzera botatzea, eta negoziazio-mahaiarekin jarraitzea".

Mobilizazioa gaur

Gaztetxearen desalojoa salatzeko eta udala erantzule modura seinalatzeko, Kaletik Gaztetxerak mobilizazio bat antolatu du gaur iluntzerako: 19:00etan hasiko da, udaletxe aurrean. Abenduaren 6an eman zuten espazioaren irekieraren berri, urtebetez espazio baten alde lanean aritu ostean.

NO HAY COMENTARIOS